Asteburuan hiru bidaia egingo ditu lurrun trenak

Nerea Uranga 2026ko abuztuaren 28a

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan lurrun trena. (Ane Olaizola)

Gaur diesel trakzio trenak jarriko dituzte martxan, baina bihar eta igandean lurrun trenean ibiltzeko aukera izango da Burdinbidearen Euskal Museoaren eta Lasaoren artean. Datorren asteartetik aurrera, berriz, neguko ordutegia izango dute indarrean Azpeitiko museoan.

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun trenak asteburu honetan hiru aldiz egingo du museoaren eta Lasao auzoaren arteko 4,5 kilometroko joan-etorria. Larunbatean 12:00etan eta 17:30ean museotik irtenda egingo du trenak bidaia, eta igandean, berriz, 12:00etan. Diesel trakzio trenak ere martxan jarri dituzte abuztuko astegunetan, eta gaur izango da martxan jarriko dituzten azkenengo eguna. 12:00etan eta 17:30ean ateratzen dira tren horiek museoko geltokitik. 

Burdinbidearen Euskal Museoa igandera (abuztuak 30) bitartean udako ordutegian irekiko dute, gaur eta bihar 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era, eta igandean, 10:30etik 14:00etara. Datorren asteartetik aurrera, baina, neguko ordutegia izango dute indarrean museoan. Alegia, lanegunetan (asteartetik ostiralera) 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era irekiko dute, larunbatetan 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19.30era eta igandeetan eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik) 10:30etik 14:00etara.

Bisitariek Europako tren bildumarik onenetarikoa ikusteko aukera dute museoan, baita makina erreminta multzo osatuenetakoa ere. Azarora bitartean, gainera, lurrun trenean bidaiatzeko aukera izango dute, larunbatetan 12:00etan eta 17:30ean museotik irtenda eta igandeetan 12:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide