Josetxo Brey: "Urte osoan egin dugun lana aitortu eta eskertu dute"

Iraia Oteiza 2026ko abuztuaren 26a

Josetxo Brey, atzean, eskuinetik seigarrena, Landarbasoko kideekin batera Suedian abestu berritan. (Utzitakoa)

Azpeitiarrak World Choir Games nazioarteko abesbatza lehiaketan urrezko bi domina irabazi ditu Errenteriako Landarbaso abesbatzarekin Suediako Helsinborg hirian.

World Choir Games jaialdiaren 24. edizioa egin berri dute Suediako Helsingborg hirian, munduko abesbatza lehiaketarik eta topaketarik handiena. Josetxo Brey Prat (Azpeitia, 1994) kide den Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso abesbatzak bi urrezko domina irabazi ditu han: bata musika sakratuaren kategorian, bestea musika garaikidearenean. 

Nazioarteko lehiaketa batetik bi urrezko dominarekin itzultzea ez da eguneroko kontua izaten. Zer sentitu zenuen zuen abesbatzak halako sari potoloak jaso zituela jakindakoan?

Epaimahaiak 100 puntutik 80 baino gehiago lortzen dituzten abesbatzei urrezko maila aitortzen die, eta gure taldeak bi mailetan gainditu du muga hori. Musika sakratuaren eta musika garaikidearen kategorietan lehiatu gara gu; batean 92,5 puntu lortu ditugu, eta bestean 87 puntu. Bi kategorietan maila handiko abesbatzak lehiatu dira, eta horiekin lehian aritu eta urrezko bi domina lortzea ikaragarria izan da. Urte osoan egin dugun lana aitortu eta eskertu dute.

Zer-nolako errepertorioa eraman zenuten Suediara?

Musika sakratuaren kategorian Lauda Sion Salvatorem (Tomas Luis de Victoria), O Quam Suavis (Valentin Zubiaurre), O Crux (Knut Nystedt) eta Sicut Cervus (Lorenzo Donati) obrak eskaini genituen. Musika garaikidearen kategorian, berriz, Lurra (Laura Jekabsone), Maddalen Dorronsororen hitzekin; O magnum mysterium (Javier Busto), Atsalums (Jekabs Jancevskis) eta Kaléjs kala debesis (Selga Mence). 

Musika garaikidearen kategorian estreinatu gabeko obra bat interpretatzea eskatzen zuten, eta guk Letoniako Laura Jekabsone musikagileak egindako Lurra izeneko obra eskaini genuen. Jekabsone konpositorearekin askotan lan egin izan dugu, baina honakoa berezia da, Landarbasoko zuzendariorde den Maddalen Dorronsorok idatzi baititu hitzak. 

Euskal konpositoreen obrarik abestu al zenuten?

Bi modalitateetan abestu genituen euskal konpositoreen obrak. Musika sakratuaren kasuan, XIX-XX. mende arteko Valentin Zubiaurreren O Quam Suavis abestu genuen. Ez da berez oso konpositore ezaguna, baina bai bere garaian lan handia egin zuena. Musika Sakratua modalitatean beti eskatzen dute obra erromantikoren bat interpretatzea, eta Landarbasoren apustua izan da oso ezagunak diren konpositoreen obrak eman beharrean, etxeko batena ematea, nahiz eta hain ezaguna ez izan. 

Musika garaikidearen kasuan ere, berdin. Nazioarteko konpositoreen obrak interpretatu genituen, baina euskal konpositoreenak ere bai, kasu honetan, Javi Bustorenak. Busto egungo euskal abesbatzetako musikarien erreferente handienetarikoa da, eta mundu osoan abesten dira haren obrak. Bere lanetako bat lehiaketa honetara eramatea aproposa iruditu zitzaigun. 

World Choir Games lehiaketa "abesbatzen Olinpiar Jokoak" gisa ere ezagutzen da. Nolakoa da halako jaialdi bateko giroa?

Lehiaketa oso ongi antolatuta dago, eta eskerrak, dena oso handia delako. Hogei bat kategoriatan banatuta dago lehia, eta nazioarteko abesbatza askok parte hartzen dute. Lehiaketa abuztuaren 6tik 16ra bitartean jokatu zen, eta egun bakoitzean pare bat kategoriatako abesbatzak lehiatu ziren. Gure kasuan, bi kategorietako emanaldiak egun berean izan genituen, abuztuaren 14an, batekoak goizean, eta bestekoak arratsaldean. Gero, azkeneko egunean, hilaren 16an, goizean sari banaketa izan zen, eta arratsaldean itxiera ekitaldi ikusgarria. 

Emanaldi guztiak egun berean eskaini genituenez, bidaiaz gehiago gozatzeko aukera izan dugu, denbora libre gehiago izan dugulako, estres handiegirik gabe. Gainera, jaialdiaren antolakuntzak ekintzak eta halakoak ere antolatzen ditu lehiaketatik kanpo, abesbatzen arteko harremanak sustatzeko. Horietan ere izan gara. 

Zenbat hilabetetako lana dago domina hauen atzean? 

Ikasturte oso bateko lana dago atzean, baina berez, urteetako lana da. Programa espresuki lehiaketa honetarako prestatu dugu, baina obra konkretuetaz gain, garrantzitsua izaten da esperientzia, eta Landarbasok badu abantaila hori: programa lehiaketa jakin bati begira antolatu, hori bideratu, entseguetarako beharrak ezagutu... Hori urteetako esperientziak egiten du. 

Zer suposatzen du halako euskal abesbatza batentzat mundu mailan hain goian kokatzeak?

Harrotasun puntu bat ematen du. Beti esan izan da Euskal Herrian asko abesten dela, baina egia da abesbatza musika ez dagoela bere momenturik onenean. Gainera, ikusi dugu beste herrialde batzuetako abesbatzek guk baino mila bider baliabide gehiago dituztela, entseguetarako azpiegiturak, bidaiatzeko laguntzak eta abar. Guk dauzkagun baliabideak horietatik oso urrun daude. Hori horrela, urrezko bi domina eskuratu izanak are meritu handiagoa duela uste dut. 

Zeintzuk dira Landarbasoren hurrengo erronkak edo proiektuak?

Guk ere ez dakigu oraindik. Badakigu datorren udara begira proiekturen bat badagoela itxita, baina ez dakigu gehiago zer izango dugun. Urtean zehar kontzertu ugari eskaini ohi ditugu beti, eta emanaldi horiek ere izango ditugu datozen hilabeteetan.

Landarbasorekin sari gehiago jasotzea ere egokitu zaizu, nazioarte mailan ere bai, ezta? 

Bai, eta egia da sariak jasotze horrek are gehiago motibatzen nauela, aurrera egiteko gogo handiagoa pizten didala. Halako lehiaketetan parte hartzeko prozesua oso zorrotza izan ohi da, baina kalitatea eransten dio horrek. 

Hala ere, niretzat abesbatza baten kide izatearen onena taldean lan egitea da. Lagunak egiten dira, bidaiatzen denetan talde bizimodua egiten da, eta hori da, hain zuzen, nik gehien baloratzen dudana eta niretzat garrantzitsuena dena. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide