Lau tailer ziklorekin hasiko du ikasturtea Kulturazek Dinamoa sormen gunean

Maialen Etxaniz 2026ko abuztuaren 26a

Dinamoa sormen gunearen sarrera, barrutik. (Maialen Etxaniz)

Grafiaz Betea, Mikrouhinak, Esateko Idatzi eta Haragi Bizitan zikloak antolatu dituzte, arteari, sintetizadoreei, idatzizko kontakizunei eta performance tailerrei lekua eginda. Hain zuzen, sintesi modularren topaketak, performance tailerrak, arte zaharberritze saioak eta stand up tailerrak eskainiko dituzte Dinamoa sormen gunean, 2026-2027 ikasturteari ekiteko. 

Kulturaz kooperatibak ohiko osagaiak mantenduta baina eskaintzara berrikuntzak gehituta hasiko du 2026-2027 ikasturtea. Izan ere, datozen aste eta hilabeteetarako lau tailer ziklo prestatu dituzte: Grafiaz Betea, Mikrouhinak, Esateko Idatzi eta Haragi Bizitan. Ziklo bakoitza kultur diziplina batekin lotuta dago, hala nola arteari, musikari, narrazioari eta performanceari.

Arte zaharberritzea, gertutik

Irailaren 24an, ostegunez, egingo dute lehendabiziko saioa, Grafiaz Betea zikloaren barruan. Hitzordu horretan arte zaharberritze tailerra eskainiko dute Intza Larrañagak eta Itziar Beltzak. Artearen kontserbazioan eta zaharberritzean ikasketak dituzte biek, eta ikertzaile lanetan dabiltza orain. Bi orduko saioa eskainiko dute, eta aurrena beren ofizioa zertan datzan erakutsiko dute. Jarraian Soreasuko Sebastian Donearen parrokiko Bakardadearen kaperako zaharberritze lana bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko dute.

Saioa 18:00etatik 20:00etara izango da, erabat euskaraz. Bertan parte hartu nahi dutenek honako lotura honetan eman behar dute izena. 

Esateko idatzi eta umorea egin

Irailaren 26an, larunbatez, umorea izango da protagonista. Esateko Idatzi zikloaren barruan, Beñat Iturbe umoregileak stand up tailerra eskainiko du Dinamoan. Jendaurrean aurkezteko testu baten aurreneko bertsioa sortzea da hitzorduaren helburua, horretarako adibide teorikoak eta praktikoak baliatuta.

Beñat Iturberen saioa egun osokoa izango da, bi zatitan banatuta: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Izen-ematea egin nahi dutenek lotura honetan egin dezakete.

Aurreneko Sinte Eguna

Joan zen ikasturtean sintetizadore modular kolektiboaren inguruko hainbat tailer eskaini zituen Amsia musikariak Mikrouhinak zikloaren barruan. Horren harira, eta sorkuntza kolektiboa ardatz hartuta, Sinte Eguna antolatu du Kulturazek urriaren 17rako. Eguneko ekitaldian parte hartzeko honako loturan eman behar da izena..

Honako hau da egitaraua osorik:

  • 10:00: Sintetizadore modularraren kolektiboaren erabilera tailerra, AMSIAren (Javier Ucar) eskutik.
  • 12:00: Masterclass: Ambisoniak. Entzumen naturalaren aberastasun espaziala berreskuratzeko bidea, CODORUren (David Aranaz) eskutik.
  • 13:00: Masterclass: Deloreak. Denbora errealean sortutako tekno melodikoa, Jon Fernandezen eskutik.
  • 14:00: Bazkaria: Sanagustin kulturgunean
  • 16:30: Jakite gabean proiektuaren aurkezpena Sarah Rasines eta Enrike Hurtado
  • 17:30: Sinte modularren kolektibizazioa: probalekua
  • 19:30: Amaiera

Performancea, Haragi Bizitan

Azaroaren 21ean iritsiko da Haragi Bizitan zikloaren lehen proposamena. Adarbakarra obraren sormen-prozesuan oinarrituta, Maite Aizpurua aktoreak Munstro eszenikoa izeneko performance tailerra bideratuko du. Ahotsa, mugimendua eta soinua ardatz hartuta, lehenik taldekako ariketak egingo dituzte parte hartzaileek eta, ondoren, norberaren intuiziotik abiatutako idazketa nahiz eszenaratzea landuko dira. Sorkuntza kolektiboaz gozatzeko eta esperimentatzeko espazioa izango dela aurreratu du Kulturazek. Saioan parte hartzeko honako loturan eman behar da izena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide