Ugaitz Kerejetaren oroimenezkoa etxean geratu da

Iraia Oteiza 2026ko abuztuaren 22a

Ugaitz Kerejeta zenaren senideei lore eskaintza eginez hasi da Lagun Onaken eta Reala C-ren arteko lagunartekoa Garmendipe futbol zelaian. Azpeitiko futbol taldeak mendean hartu du aurkaria, 2 eta 1 irabazita.

Asteartean sei urte beteko dira Ugaitz Kerejeta Lagun Onakeko jokalari ohia hil zela, eta haren omenez, seigarren oroimenezkoa jokatu dute gaur, larunbata, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Lagun Onaken gizonen lehen taldeak Reala C-ren kontra jokatu du lagunarteko partida, eta etxeko taldearentzat izan da garaipena, 2 eta 1 irabazita. 

Partidaren lehenengo zatia oso parekatua izan da, Lagun Onakek baloiaren kontrol handiagoa izan du, eta Reala kontraerasoan min egiten saiatu da. 40. minutuan, Imanol Alberdiren erdiraketa bat baliatu du Jakes Aranbarrik baloia sareetara bidaltzeko. Atsedenean 1-0 zegoen Garmendipeko markagailua, Azpeitiko taldearen alde.

Aldageletatik zelaira bueltan, ildo beretik jarraitu du partidak. Hala, 57. minutuan, area kanpotik ateratako falta bat baliatu du Ilias Abouallalek buruz gola sartzeko, markagailua 2-0 jarriz. 60. minutuan Jose Luis Ribera entrenatzaileak Lagun Onaken hamaikakoan aldaketak egin ditu, baina 77. minutuan Realak aldea murriztea lortu du, markagailua 2-1 jarriz. Partidaren ondarrean, Realak markagailua berditzeko aukerak izan ditu, baina azkenean Ugaitz Kerejetaren oroimenezkoa etxean geratu da. 

Ugaitz Kerejeta oroituz

11:00etan hasita jokatu dute Lagun Onakek eta Reala C-k denboraldi aurreko lagunarteko neurketa. Partida hasi aurretik, Ugaitz Kerejeta zenaren familia bertaratu da Garmendipe futbol zelaiaren erdira, eta omenaldia egin dio Azpeitiko futbol klubak. Loreak eman dizkiete Kerejetaren senitartekoei, inguruan ziren bi taldeetako jokalarien eta zelaiaren bueltan bildutako zaleen txalo artean. Jarraian, minutu bateko isilunea egin dute han bildutakoek, Kerejetaz gain herenegun hil zen Ion Gomez Realeko nutrizionista ere oroituz. 

Duela sei urte hil zen Ugaitz Kerejeta moto istripuz, eta harrezkero, urtero antolatu du Lagun Onakek haren omenezko oroimenezkoa abuztuan, taldeko jokalaria zena gogoratuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide