Lagun Onakeko gizonen taldeak garaipena erdietsi du denboraldi aurreko bigarren lehian

Iraia Oteiza 2026ko abuztuaren 20a

Lagun Onaken eta Ondarroaren arteko partida, atzo. (Lagun Onak)

Datorren denboraldia prestatzen hasiak dira Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusiak. Bizpahiru aste daramatza Hirugarren Mailako gizonen taldeak lanean, eta aurre denboraldiko bigarren partida 1-2 irabazi du, Ondarroaren aurka. Ohorezko Erregional Mailako emakumeen taldea, berriz, prestaketetan hasi berri da. 

Denboraldi aurreko bigarren lagunarteko partida jokatu zuen atzo, asteazkena, Lagun Onaken gizonen taldeak. Ondarroako Aurrera taldearen etxean aritu ziren Jose Luis Riberarenak, eta Azpeitiko taldeak 1-2 irabazi zuen norgehiagoka. Alex Letamendiaren eta Janitz Etxaberen golek eman zien taldeari denboraldi aurreko aurreneko garaipena. 

Emaitza aldekoa izanda, gustura da Lagun Onak; are gehiago, Pello Odriozolaren itzulerarekin. Urtebete belauneko lotailuko lesioaren ondorioz jokatu gabe egon da Odriozola, eta atzo Ondarroaren aurkako partida jokatzeko itzuli zen berriro zelaira. 

Larunbatean, hilak 22, jokatuko du denboraldi aurreko hirugarren partida Lagun Onakek. Reala Cren kontra ariko da, Garmendipen (11:00), Ugaitz Kerejetaren oroimenezkoan. Hilaren 29an ere etxean jardungo dute gizonek (11:00), Beasain aurkari dutela. Irailaren 6ko asteburuan jokatuko dute, berriz, Espainiako Hirugarren Mailako denboraldia hasteko estraineko partida, etxean, Leioaren aurka. 

Emakumeak ere hasi dira lanean

Prestaketetan hasi berri dira Lagun Onakeko emakumeen lehen taldeko jokalariak, aurpegi berri askorekin. Izan ere, datorren sasoi honetan Aitor Zubizarretak eta Iñigo Segurolak ez dute taldea zuzentzen jarraituko, eta haien lekukoa Aitor Larburu beasaindarrak hartuko du. Halaber, taldeak jakinarazi du Lorea Rueda, Elene Uria, Garazi Gurrutxaga, Malen Zabala, Ane Balentziaga, Ane Gonzalez, Maddi Urkizu, Inge Idiazabal, June Casina, Naroa Altuna eta Nahia Agirrezabalaga jokalariek, nahiz Maite Agirre eta Javier Egiguren teknikoek ere ez dutela taldean jarraituko. Honenbestez, talde tekniko berriarekin eta jokalari zerrenda berrituarekin hasiko du 2026-27 denboraldia Ohorezko Erregional Mailako emakumeen taldeak. 

Azpeitiko taldeak irailaren 22an hasiko du denboraldi berria, eta lehen jardunaldian etxean jokatuko dute, Oiartzunen aurka. Sasoia hasi aurretik, baina, lagunarteko hiru partida izango dituzte: abuztuaren 28an, ostiralez, 19:30ean Amaikabaten aurka, Deban; irailaren 5ean, larunbatez, Zarautzen aurka; eta irailaren 12an, larunbatez, Orioren aurka, Orion. Azken bi partiden ordutegiak zehaztu gabe dituzte oraindik. 

Lagun Onakeko emakumeen taldeko kideak, aste honetako entrenamendu saio batean. (Lagun Onak) 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide