World Choir Games jaialdiaren 24. edizioa egin berri dute Suediako Helsingborg hirian, munduko abesbatza lehiaketarik eta topaketarik handiena, eta Josetxo Brey azpeitiarra kide den Landarbaso abesbatzak bi sari irabazi ditu han.
Urrezko bi dominarekin itzuli da etxera Errenteriako (Gipuzkoa) abesbatza; hain zuzen, Musika Sakratua eta Musika Garaikidea kategoriatan eskuratu ditu Breyren abesbatzak bi sariak.Guztira zortzi obra interpretatu ditu abesbatzak munduko txapelketan, kategoria bakoitzean launa pieza abestuz. Lurra (Laura Jēkabsone), txapelketarako espresuki egindako pieza eta Maddalen Dorronsorok euskaraz idatzia, O Magnum Mysterium (Javier Busto) eta O quam suavis (Valentin Maria de Zubiaurre) piezak izan dira Landarbasoren emanaldietan nabarmendu direnak. Hala, taldeak bi kategorietan epaimahaiaren 80 puntuko langa gainditzea lortu du, urrezko bi domina poltsikoratuz.
Txapelketako araudiaren arabera, epaimahaiak 100 puntutik 80 puntu baino gehiago lortzen dituzten abesbatzei soilik ematen die urrezko maila, eta azpeitiarraren taldeak bi mailetan gainditu du muga hori. Azken garaipen honekin, Landarbasok nazioarteko 29 sari lortu ditu bere historian zehar, eta Brey horietako hainbaten lekuko izan da.