Ugaitz Kerejetaren oroimenezko partida jokatuko dute Lagun Onakek eta Reala C-k zapatuan

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 17a

Kerejetaren aita lehen torneoa jokatu zutenean Garmendipen, semearen kamiseta desestaltzen. (Julene Frantzesena)

11:00etan hasita jokatuko dute norgehiagoka, Garmendipe futbol zelaian. Duela sei urte moto istripuz hil zen Ugaitz Kerejeta oroitzeko baliatuko dute denboraldi aurreko lagunarteko partida.

Lagun Onakeko gizonen lehen taldea denboraldi aurrean murgilduta da buru-belarri, eta 2026-27 denboraldia prestatzeko duten hurrengo hitzordua berezia izango da. Izan ere, larunbatean, Reala C-ren kontra jokatuko dute Jose Luis Riberaren mutilek lagunarteko partida.

Ez da, baina, lagunarteko partida soil bat izango; duela sei urte moto istripuz hil zen Ugaitz Kerejeta Lagun Onakeko jokalariaren oroimenezko neurketa izango da. 11:00etan hasita jokatuko dute norgehiagoka, Garmendipe futbol zelaian. 

2021ean hasi zen Lagun Onak Kerejetaren oroimenezko partidak jokatzen denboraldi aurrean. Hasierako urteetan hiruko futbol txapelketa formatuan egin izan zuten hitzordua, eta azken urteetan, Lagun Onakek Reala C izan ohi du parez pare, talde txuri-urdinean ere aritu baitzen Kerejeta. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide