Hasi da eguzki eklipserako atzera kontaketa. Fenomenoaren gaineko xehetasunak emanda, segurtasuna bermatzeko aholkuak plazaratuta eta gertaera astronomikoa behatzeko hartu beharreko neurriak jakinarazita dira. Baina zer eguraldi egingo du bihar arratsaldean, eklipsea gertatuko den garaian?
Gukak Eneko Elustondo metereologoarengana jo du, Gukan egiten dituen eguraldi iragarpenak oporraldian baldin badira ere, bihar arratsaldean zerua zer-nola egongo den jakiteko. Izan ere, eklipsea ikusteko moduan izango al dira Urola Kostan herritarrak? Baietz dio Elustondok, argitzeko zera batzuk badiren arren.
Hark azaldu duenez, eguraldi eguzkitsua egingo du bihar, oro har, eskualdean. Dena den, arratsaldean eskualdera ipar ukituko haizea iritsiko dela iragarri du Elustondok, eta haize hori hezetasunarekin nahastean, behe hodeiak sor daitezkeela jakinarazi. Orion, Zarautzen, Getarian eta Zumaian ere bada hodei horiek sortzeko aukera, nahiz eta aukera murritzagoa den. "Arratsaldea aurrera doan heinean, behe hodeiak sortzeko arrisku txiki bat badago kostaldean. Bizkai aldean hodei gehiago sortuko dira, baina Gipuzkoa ekialdean ere era daitezke halakoak", zehaztu du.
Halako hodeiak sortzen badira, baliteke zenbait lekutan eklipsea ikustea zailtzea. Izan ere, arratsaldearen hondarrean eguzkia behean izaten da, itsasoaren parean, eta hodei horiek oztopa dezakete fenomenoa behar bezala ikustea. "Kostaldean arrisku hori dago, baina barne aldean ez; eguraldi eguzkitsua espero da, eta hodeirik ez", erantsi du metereologoak.
Orduak eta lekuak
Urola Kostan ezingo da eklipse osoa ikusi, eguzkia ez da erabat ezkutatuko, baina ilargiak haren %99,8 estaliko du. 19:30 inguruan hasiko da eklipsea, eta une gorena 20:27an izango da; fenomenoa 21:15 aldera bukatuko da.
Eskualdeko hainbat garaieradun leku izan daitezke eklipsea ikusteko egokiak: Aian, hilerriaren ingurua; Orion, Kukuarri, barraren bukaera eta labarrak; Zarautzen, Talaimendi, kanpin ingurua eta Astiko zelaiak gomendatu ditu; Zumaian, Itzurun hondartza, Artadi auzoa eta flyscharen ingurua; Getarian, San Anton mendia; Aizarnazabalen, Indamendi edota Mugitza; Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian, Izarraitz mendikatea; Azpeitian, halaber, Elosiaga auzoa eta Oñatz magala; Errezilen, Zelatungo bidea; eta Beizaman Illaun edo Urraki.
Dena den, Eusko Jaurlaritzak eklipsea etxetik gertu ikustea eta joan-etorriak saihestea gomendatu du, baita autoarekin bidaiatzea eta desplazamentu luzeak egitea ekiditea ere. Horri lotuta, bihar 15:00etan Larrialdialdiei Aurre Egiteko Bidea (LABI) plana aktibatuko du erakundeak. Izan ere, eguzki eklipsearen egunerako, abisu horia ezarri dute muturreko tenperatura altuengatik.