Done Jakue kaleko topaleku berria osatuta eta erabilgarri da dagoeneko. Duela aste batzuk bukatu zituen Azpeitiko Udalak Frontoi Txikiaren eta haur parkearen arteko gunea atontzeko lanak, baina ping pong-erako mahaiaren faltan zen gunea, eta hori ere jarri dute dagoeneko.
Udalak azaldu duenez, espazio irekia eta oztoporik gabeko topalekua bilakatu da eremu berritua. Batetik, frontoiari itsatsitako estalpe bat eraiki dute, eta eremua handitu dute aparkaleku batzuk kenduta. Horrez gain, eserlekuak, landareak eta harmailak jarri dituzte. Gainera, zorua berritu eta berdindu egin dute, irisgarritasuna hobetzeko.
2024ko partaidetza prozesuan diseinatutako proiektua da Done Jakue kalean, Gernikako arbolaren kimua erori ostean hutsik gelditutako gunean, gauzatu dutena. Espazio hori Alde Zaharreko bizilagunen "topaleku eroso" bilakatzea erabaki zuen udalak, eta lekua diseinatzeko eta nolakoa izan behar zuen erabakitzeko prozesua gauzatu zuen, eremu horren erabiltzaileen parte hartzearekin (Ilunpe pilota elkartea, Marea Urdina eta Alde Zaharreko bizilagunak, besteak beste) eta OinHerrik zein Hiritik At-ek lagunduta.
Duela bi urteko udazkenean gauzatu zuten partaidetza prozesua, eta urte bereko abenduan aurkeztu zuten emaitza. Gero, aurreikusitakoa baino beranduago, 2026ko apirilean, hasi zituzten topalekua egiteko lanak.