Azpeitiko Ekoetxeak hainbat ekintza antolatu ditu abuztuko asteburuetarako. Datozen lau larunbatetan –igande batean ere bai– askotariko hitzorduez gozatu ahal izango dute herritarrek: Xaguxatar ibilbidean txangoa, Igarako errotara bisita, animalia basatien aztarnei buruzko jolasa eta scape box-a egingo dituzte.
Hitzorduetan aurrena datorren zapatuan izango da, eta hala nahi dutenek Xaguxatar ibilbidea egiteko parada izango dute. 10:00etan elkartuko dira partaideak Ekoetxean, eta handik abiatuko dute txangoa. Azoka Plazan bukatuko dute ibilbidea, mokadutxoa eginez. Ekintzan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute honako lotura honetan; saioa doakoa izango da.
Hilaren 15ean, berriz, Igarako errota bisitatzeko parada izango dute herritarrek. XVIII. mendeko errotak nola funtzionatzen duen ikasteko abagunea eskainiko dute Ekoetxeko kideek: 10:00etan eta 11:30ean izango dira hitzorduak. Errotara joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute honako esteka honetan.
Terminus izeneko aldaketaren scape box-a egingo dute Ekoetxean bertan abuztuaren 22an eta 23an. Larrialdi klimatikoaren aurrean aldaketek zer garrantzia duten landuko dute partaideek, jolas bidez. Saio horretan parte hartzeko ere aurrez izena eman beharko da. Bi egunetan 10:00etatik 12:30era egingo dute jolasa.
Abuztuaren 29an egingo dute hileko azken esperientzia. Egun horretan animalia basatien arrastoen atzetik ibiliko dira hala nahi duten herritarrak Ekoetxea kokatuta dagoen Egibar etxean eta haren atarian. Familiei zuzendutako hitzordua 10:30erako jarri dute, eta aurrez izena eman daiteke dagoeneko honako lotura honetan.