San Inazio bigarrenez, festetako azken egunari zukua ateratzen ari dira herritarrak. Eguerdi partean bakailaoaren bueltan saltsan ibili ostean, askotariko ekintzak izan dira arratsaldean. 17:00etan, apar festa egin dute haurren gozagarri, Balentina Agirre plazan. Ondoren, Arno ganadutegiko zezen txikiak izan dira, Done Jakue kalean, eta Kuadrilla Arteko III. Olinpiadak, Txosnagunean. Askotariko jolasak egin dituzte herriko hainbat kuadrillak, eta umorerik ez da falta izan lagunarte horretan.
Gainera, San Inazio bigarreneko zezenketa izan da, zezen plazan. Ana Romero ganadutegiko zezenak toreatu dituzte toreatzaile hauek: Morenito de Aranda, Jesus Enrique Colombo eta Ismael Martin. Hain justu, Colombo toreatzaileak 2024ko toreatzaile onenaren saria jaso du gaur. Era berean, Fanfarre Betijai ibili da herriko kaleak alaitzen, eta kirol hitzorduak ere izan dira: Eraman! Jai Alai elkarteak antolatuta, zesta punta jaialdia izan da, Izarraitz pilotalekuan. Emakumeen partidan, Gogenola-Lejardi eta Mugartegi-Watkins aritu dira parez pare, eta gizonen partidan, berriz, Erkiaga-Atain eta Goixerri-Lekerika.
Hona hemen gaueko egitaraua:
- 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan.
- 21:30. Iratzar taldearen erromeria, Olazko Amaren plazan.
- 22:00. Tapia eta Leturia, Txosnagunean.
- 22:30. Harrobi Dantza Betikalaren eskutik, Geure(r)a ikuskizuna, herriko plazan.
- 23:30. Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua, herriko plazan.
- 01:00. Hazas taldea, Txosnagunean.
- 02:30. Kaparrak taldea, Txosnagunean.
Eta hona hemen bihar goizekoa:
- 06:00. Incansables txaranga, kalerik kale.
- 07:00. Marques de Saka ganadutegiko bigantxak 16 urtetik gorakoentzat, Done Jakue kalean.