San Inazio bigarrena da gaur, abuztuaren 1a, eta ohi bezala Azpeitiko Udaleko ordezkariek harrera egin diete Gipuzkoako Foru Aldundiko, Batzar Nagusietako, Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko kideei Loiolako basilikaren atarian. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak egin die harrera udalaz gaindiko erakundeetako politikariei, Azpeitiko EH Bilduko nahiz EAJko zinegotziekin batera.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Zenbait foru diputatu ere Loiolan izan dira, hala nola . Imanol Pradales lehendakaria, berriz, ez da aurten ere Azpeitian izan.
Dena den, aldarrikapenerako eta protestarako plaza ere izan da gaur Loiolako basilikaren ataria. Batetik, Sañu Bizirik plataformak Euskal Herria Bizirik sareko talde eta plataformekin batera deitu duen elkarretaratzea izan da. Piaspe proiektu eolikoa bertan behera geratu bada ere, Euskal Herrian "300 proiektu txikitzailetik gora" daudela salatu dute haiek, horietako zenbait Urola Kosta eskualdean. Gaur, hain justu, "mehatxu" horiei kontrakotasuna adierazteko elkartu dira dozenaka lagun Lurraren defentsan makroproiekturik ez! lelopean egin duten kontzentrazioan. Bestetik, Geroa BGAEk eragindako pentsiodunek egin dute bilkura. Kolore horiko bereizgarriak jantzita, dozenaka pentsiodun elkartu da harrera ekitaldiaren aurrean, eta haiei dagokien diru ekarpena osorik itzultzeko eskatu dute.
Basilika atariko hitzorduak amaituta, erakundeetako ordezkariak elizkizuna entzutera sartu dira basilikara. Beste urte batez goraino bete da Loiolako basilika, eta Fernando Prado Gipuzkoako gotzaina buru zela egin dute San Inazio bigarreneko elizkizuna.