Bigantxak, musika eta kalejira, San Inazio eguneko eguerdia girotzeko

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 31

San Inazio eguneko ohiko kontzertua eman du bandak Sanagustinen, Gauerdi txarangak girotu du eguerdiko poteo jendetsua, eta bigantxek ikusmina piztu dute beste behin Done Jakuen. Aurten, gainera, indarkeria matxistaren aurka kalejiran atera dira dozenaka lagun Haujijijaik eta Itaiak deituta.

Goizeko diana, korporazioa, prozesioa eta meza nagusiaren ondotik, eguerdian ere izan da San Inazio eguneko ospakizunetan murgiltzeko tarterik. Done Jakue kaleko eremu hesituan gazteak bigantxekin jolasean eta haiei begira dozenaka lagun elkartu dira, eta bitartean musika eta protesta ere izan dira herrian. Udal Musika Bandak San Inazio eguneko ohiko kontzertua eskaini du Sanagustin kulturgunea osorik betea zela, Unai Frantsesenaren gidaritzapean, eta kalean Gauerdi txarangakoek jarri diote musika eguerdiko poteo jendetsuari. Plazatik abiatuta, berriz, indarkeria matxistaren aurka kalejiran atera dira dozenaka lagun Haujijijaik eta Itaiak deituta, Eraso ororen aurka! lelopean. 

Familia ugari elkartu dira eguerdi parterako kalean, eta horietako askok elkarrekin bazkalduko dute jarraian, San Inazio eguneko ohiturak berrituz. Festarako gogoz jarraitzen dutenek kaleak hartuko dituzte berriro arratsaldean eta gauean, eta hau da aukeran izango dituzten ekintzen zerrenda:

  • 17:00. Holi hauts festa, Matxinada plazan. 
  • 17:30. Lopene ganadutegiko zezen txikiak, Done Jakue kalean. 
  • 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plazaren aurrean.
  • 18:30. Alurr dantza taldearen Hamaikua ikuskizuna, herriko plazan.
  • 18:30. San Inazio eguneko zezenketa, zezen plazan.
    • Toreatzaileak: Emilio de Justo, Borja Jimenez eta Victor Hernandez.
  • 19:00. Oria txaranga, Landeta auzotik herriko plazara. 
  • 19:00. Poteo musikatua Burrumbaren eskutik, Alde Zaharrean. 
  • 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan. 
  • 20:30. Parrillada, herriko plazan. 
  • 21:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan: 
    • 1. partida: Egiguren V.a-Salaberri II.a eta Alberdi II.a-Aranguren
    • 2. partida: Zabala-Zabaleta eta Laso-Iztueta
  • 22:00. Leihotikan taldearen kontzertua, Txosnagunean. 
  • 23:00. Su festa, Pirotecnia Pabloren eskutik, Izarraizko Atean. 
  • 23:30. Neomak taldearen kontzertua, herriko plazan. 
  • 00:30. Streetwise taldearen kontzertua, Txosnagunean. 
  • 02:30. Kontzertua, Txosnagunean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide