Duchenne FM elkarteak hirugarren urtez egingo ditu Duchenneren giharretako distrofia duten haurrentzako udalekuak Loiolako aterpetxean. Egonaldi horren programaren barruan, abuztuaren 15erako, larunbata, Oñazko gurutzera igoera solidarioa antolatu dute, 10:00etan Loiolako aterpetxetik irtenda. Udalekuetako haurrek mendi irteera hori egin dezaten, ordea, boluntarioak behar dituzte, eta herritarrei laguntza eskatu diete.
Izan ere, hamahiru haur lur orotako gurpildun aulkian joango dira Oñatzera, eta haiek garraiatzeko eta bultzatzeko laguntza beharko dute Duchenne FM elkartekoek. Horregatik, gonbidatu dituzte herritarrak igoera solidarioan parte hartzera eta beren alea jartzera, "laguntza izanda dena errazagoa baita", esan dute egitasmoaren antolatzaileek. Boluntario gisa, Oñatzerako mendi irteeran laguntzeko prest daudenek Duchenne FM elkartearekin harremanetan jarri beharko dute, duchennefm@gmail.com helbide elektronikora idatzita edota 679 54 42 53 telefono zenbakira Whatspp mezua bidalita.
Duchenne Azpeitia udalekuen sustatzaileetako bi azpeitiarrak dira: Iren Reyes azpeitiarra eta haren ama Veronica Reyes. Aurreko bi urteetako udalekuetan Xoxotera egin izan dute igoera solidarioa. Bi igoeretan ehun pertsonatik gora izan dira parte hartu dutenak, udalekuetako kideak eta herritar boluntarioak kontuan hartuta.