Sañu Bizirikek elkarretaratzea deitu du larunbaterako

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 28a

Sañu Bizirik taldekoek iazko jaietan Loiolan egin zuten elkarretaratzeko irudia. (Julene Frantzesena)

Loiolan egingo dute elkarretaratzea, 10:30ean. Udaleko ordezkariek harrera egingo diete han Eusko Jaurlaritzako nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko kideei, eta Sañu Bizirikekoek hitzordu hori baliatuko dute protestarako.

Sañu Bizirikek elkarretaratzea deitu du aurten ere abuztuaren 1erako, larunbaterako, Loiolan, Euskal Herria Bizirik sareko talde eta plataformekin batera. Izan ere, Azpeitiko Udaleko ordezkariek harrera egingo diete han Eusko Jaurlaritzako nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko kideei, Loiolako basilikan izango den mezaren aurretik.

Hori dela eta, Sañu Bizirikeko nahiz Euskal Herria Bizirik taldekoek protesta egingo dute, 10:30ean, Loiolan. Azaldu dutenez, Piaspe proiektu eolikoa bertan behera geratu da "egindako lanari eta borrokari esker", baina "300 proiektu txikitzailetik gora" dituzte aurkeztuta Euskal Herrian, tartean eskualdean, eta "mehatxu" horiei kontrakotasuna adieraztea izango dute xede elkarretaratzean biltzen direnek. Hori horrela, herritar oro elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide