Denontzako festak, gora saninazioak!

Edurne Enparan eta Hegoa Larzabal (EAJko zinegotziak) 2026ko uztailaren 28a

EAJko zinegotziak iaz, abuztuaren 1ean, Loiolan.

Edurne Enparan eta Hegoa Larzabal Azpeitiko EAJko zinegotzi eta udaleko Festa batzordeko kideek honako gutun hau kaleratu dute saninazioen atarian. 

Azpeitia herri festazalea dela garbi dago, eta azpeitiarrak gehiago. Herrian, bide horretan, nabari da festa giroa, usaina, dardara... egun gutxi falta dira-eta gure patroiaren festa nagusietarako.

Festek, ordea, lan handia izaten dute atzetik. Ez dira hutsean data bat. Hilabete pila lehenago bilerak, aurrekontuak, aurreikuspenak... lan asko izaten dute. Eta hori ederki dakite gure herrian dauden festa batzorde guztiek, auzo hainbatetako festa batzordeek. Beraiek eta beraien lanik gabe, nekez izango genuke gure herrian horrelako giroa. Hori eskertu beharra dago, eta aurten beraiek, denak elkarturik, saninazioetako txupinazoa botatzeak pozten gaitu. Aitortza polita da; zorionak, denei!

Festa batzorde herrikoiek egindako lanaz gain, ordea, udalak badu bere ardura eta antolaketan erabakimena. Hortik dator gure hausnarketatxoa: traineruetan bezala, garrantzitsua aurrera joatea da, indarrez, denok batera, patroiaren aginduetara. Arraunlariek, baina, atzera begira egiten dute arraun, atzeak erakusten baitu aurrea nola dantzatu.

Horregatik, aurreko urteetako hausnarketetatik ere gauza asko errepikatzen direla esan behar dugu; ez da gehiegi ikasi. Saninazioak dira gureak, baina San Inazio bera ez da agertzen inon programan. Harrigarria!

Programa bera, argazki eta ekintza aukeraketan, ezker abertzalearen aldarrikapen gune, eta gizartearen zenbait sektoreri eta adin tarteri bakarrik bideratutako bildumatxoa dela ere esan daiteke aspalditik. Hara! Euskara ez den beste hizkuntzatan eskuratzeko ere QRa bakarrik eskaintzen da... Garbi dago arrakala digitalak kanpo laga dituenak ere, programatik kanpo geratzen direla.

Aurtengoan, hori bai, zezen txikien entzierroa izango da berriro, eta eskertzekoa da aspaldiko partez. Hori gozatu ahal izango dute gaztetxoek. San Fermin Txiki egunean kartoizkoekin egin izan zutena, polemika pil-pilean, oraingoan bigantxekin. Horrekin aipatu behar dugu San Fermin Txiki formatu berriak ere oso harrera ona izan duela herrian, eta gure eskerrik beroena luzatu nahi diegu sokamutil taldeari, hori antolatzeagatik. Datozen urteetan sendotu eta laguntza gehiagorekin antolatu beharreko ekintza hori ere. Apuntatzeko!

Festetan, pertsona askoren lana dago atzetik, eta norbanako zein talde guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, egun zoragarriak pasarazteagatik eta Azpeitia mapan jartzen laguntzeagatik. Baita txukuntasuna, garbitasuna eta segurtasuna bermatzen egoten diren udal langile guztiei ere.

Festetan luzimendu ederra izan behar duten guneek (Parrokia, Loiola, kaleak, zezen plaza...) ea aurtengoan ederki ikusten ditugun. Zezen plazak, esaterako, aspalditik behar du mantenu sakona, 1903ko eraikina delako, baina ez da behar beste lan egin hori ongi mantentzeko.

Txupinazoaren aurretik, aurtengoan, estreinaldiekin hasiko gara, Kixote eta Santxo Panza jubilatu eta buruhandi berriak izango ditugulako. Urteetan Cervantesenak gurean egon dira, eleberri ezagunean Azpeitiko Santxoren (el escudero Sancho de Azpeitia) aurka ere borrokatu zelako bikotea, eta orain gure herriarekin lotura zutenak baino erosoagoak eta erabilerrazagoak direnak izango ditugu aurrerantzean.

Festak denentzako izatea garrantzitsua da, udal gobernuak ahazten badu ere, baina saia gaitezen programa zabalean gustuko gauzak bilatzen eta festaz gozatzen. Erasorik gabeko festak errespetuan, bakean, alaitasunez eta elkarrekin pasa ditzagun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide