Mila-mila esker, bihotzez

Amaia Garmendia 2026ko uztailaren 28a

Suziria.

Amaia Garmendiak honako esker gutun hau bidali du Gukaren erredakziora, txupinazoa botatzeko hautagaien artean izan delako. Lan boluntarioak duen balioa azpimarratu du, eta animaliarik gabeko jaien defentsa egin ere bai. Festak herritar denentzat direla adierazi du hark.

Amaia Garmendia naiz, Koipenekue, aurtengo saninazioetako txupinazoa botatzeko herriak aukeratu dituen lau hautagaietako bat. Hainbeste jendek nirekin pentsatu eta kontuan hartu izanak sekulako poza eman dit, eta idatzi honekin nire esker ona azaldu nahi dizuet, bihotzez. Txupina norberaren herrian botatzea gauza gogoangarria izango da, ziur naiz hala izango dela, baina aizue, hautagaien laukoterako aukeratua suertatzea ere ohorea da.

Ez naiz egundoko lanak egindakoa azpeitiarren alde, baina azpeitiar dezenterengana iritsia naiz. Ni eta nire gitarra, gure kantuak (Garbiñe eta bionak) eta beste makina batenak ere leku askotan entzun eta gozatu dituzte: San Martin  egoitzan, eguneko zentroan, Loiolako egoitzan, Jesusmariatan, Antxietan... Eta parte hartzen dut kantujiran eta parrokiko abesbatzan. Baina kantuaz eta gitarraz gain, bestelako lanak ere auzolanean egindakoa naiz; besteak beste, nire Elizkale kuttuneko jai batzordean eta animalisten taldean.

Azpeitiak asko eman dit niri, eta ni ere, neure xumean, Azpeitiari eta azpeitiarrei nire aletxoa ematen saiatu naizelakoan nago. Baina Amaia Garmendia ez da lan horietan guztietan bakarrik ibili. Beti izan dut jendea inguruan; taldeak indarra ematen du. Beraz, nire omena eta esker ona eman nahi nieke egoera zaurgarrian edo bakardadean direnei, edota komunitatea ardatz hartuta urkoarengana hurbildu eta esku bat luzatu, lagundu, poztu, edo besterik gabe, denbora tarte goxo bat pasarazten dieten horiei guztiei.

Denbora pixka bat eskatzen du antolatzeak eta martxan jartzeak, baina lan horrek bueltan ematen dizun asebetetzea ez da nolanahikoa. Lan ixila, isila izanagatik, ez da meritu gutxiagokoa. Lan txikiek eta ixilek bihotz asko alaitzen dituzte han eta hemen. Lan boluntarioa gero eta urriagoa dela entzuten eta ikusten dut, gero eta zailagoa dela lan baterako edo besterako jendea bilatzea, norbere eguneroko orduetatik tartertxo bat hartzea besteei eskaintzeko. Baina probatu duenak badaki hori zer den. Probatu duenak munduari erakusten dio pixka bat hobeagoa egin daitekeela. Onena opa diet nahi gabeko bakardadean daudenei, bakartutakoei, gurekin egon ezin dutenei, gaizki pasatzen ari direnei...

Lehen aipatu dudan bezala, denok  dakizue animaliarik gabeko jaien defentzaile sutsua naizela. Festak denok gozatzeko izan behar dutela da nire printzipioetako bat. Festan ez luke inork sufritu behar, ez pertsonek, ez animaliek, eta ni bizi naizen artean borroka hori ez dut utziko, ez alajaina!

Horrez gain, esan nahi dut jaietan ezin dugula onartu eraso matxistarik, arrazistarik eta homofoborik. Festak denontzako dira. Entzun al duzue? Denontzat. Beraz, badakizue, gozatu denok, eta denek goza dezaten ahalegindu; jaiak poza eta errespetua eduki behar ditu, den-denekiko. Eskerrik asko, denoi, ni eta ni bezalaxe lanean ari diren boluntario guzti-gutziak gogoan hartzeagatik. 

Ondo pasatu jaiak! Mila-mila esker.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide