Errekortariak eta 'Sardina freskue', arratsaldeko entretenigarri

Aitziber Arzallus 2026ko uztailaren 25a

Errekortarien txapelketak ikus-mina sortu du eta jende asko batu da zezen plazan. Gainera, txapelketatik kanpo, Xabi Iturralde eta Unai Arellano uztai errekortari azpeitiarrek erakustaldia egin dute. Kalean ibili diren herritarrek, berriz, Sardina freskue ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute Frontoi Txikian.

Urtero bezala, Zezen Beltz elkarteak antolatuta, Azpeitiko Errekortarien Txapelketa Nagusia jokatu dute gaur arratsaldean Azpeitiko zezen plazan. Zezen plazako harmailetan bildu diren dozenaka herritarrek punta-puntako hamabi errekortarik eman duten ikuskizunaz bertatik bertara gozatzeko aukera izan dute, baina ez hori bakarrik; izan ere, txapelketarik kanpo, Xabier Iturralde eta Unai Arellano uztai errekortari azpeitiarrek eurek lehiatu ohi duten modalitatearen erakustaldia egin dute.

Jendetza batu da zezen plazan, bai, baina kalean ere ibili da jendea, eta han ere izan da ekitaldirik arratsalde partean. Esaterako, Frontoi Txikira bertaratu direnek Sardina freskue ikuskizunarekin arindu dute arratsaldea, eta beste batzuek barraketara joateko plana egin dute. Tabernetako terrazak ere beteta egon dira, eta haietan zirenetako askok Jakinekin txarangaren doinuez gozatu ahal izan dute arratsaldeko uneren batean,  Loiolatik abiatuta, herrian barrena hara eta hona ibili baita taldea. 

Santio eguna bukatzeko, oraindik ere bada ekitaldirik festetako programan. 21:00etan hasita, Basque Motion elkarteak antolatutako pala partida profesionalak izango dira Izarraitz pilotalekuan. Aurreneko partidan, Fusto-Skufca eta Madariaga-Insausti bikoteek neurtuko dituzte indarrak, eta bigarren partidan, Mikel Sanz-Gordon eta Maldonado-Alkorta bikoteek. Herriko plazan, berriz, erromeria izango da Zatekeen taldearekin.

(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Aitziber Arzallus)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide