Gaur atarikoak eginda, Santio egunerako gogoz dira azpeitiarrak

Aitziber Arzallus 2026ko uztailaren 24a

Presoen eta iheslarien eskubideen alde ikasturteko azken elkarretaratzea egin dute dute plazan, eta ondoren, Kodaore judo klubekoek agurtu dute ikasturtea, irailaz geroztik ikasi dituztenak jendaurrean erakutsita. Balentina Agirre plazara bertaratu direnek berriz, zuzeneko musika emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute Tu-K taldearen eskutik. Hala ere, gaurkoa beroketa arin bat baino ez da izan bihar-etzitan etorriko denaren ondoan, eta nola ez, Gukaren Tonbola zabalik izango da asteburu guztian.

Santio egunaren bezperan, dagoeneko jai giroa nabaria da Azpeitiko kaleetan, eta festa gosez diren herritarrek ez dute aitzakia handirik behar ospakizunei ekiteko. Horren erakusgarri zen gaur arratsaldean herriko plaza, eta geroxeago baita Balentina Agirre plaza ere, bietan ere jende ugari batu baita gaur arratsaldean izan diren ekitaldien bueltan. 

Aurrena, 19:00etan hasita, presoen eta iheslarien eskubideen alde elkarretaratzea egin dute dozenaka herritarrek plazan, Azpeitiko Sarek deituta. Hil honetako azken ostirala San Inazio eguna denez, astebete aurreratuta egin dute ikasturteko azken bilkura.

Ondoren, Kodaore judo klubeko kideak bihurtu dira plazako protagonistak. Urtero egin ohi duten eran, ikasturtean zehar ikasitakoak jendaurrean erakutsi dituzte. Familiakoak, lagunak eta ikus-minak erakarrita bertaratu diren bestelako herritarrak izan dituzte begira, eta txalo artean bukatu dituzte gaurko erakustaldia eta ikasturtea bera.

Balentina Agirre plazan, berriz, zuzeneko musika emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek, Tu-K taldearen eskutik. Txomin Uribek –Azpeitian bizi da– eta Josu Aranbarrik Ondarroan (Bizkaia) sortu zuten talde hori duela 42 urte. Duela bi urte, taldeak urteurren biribila betetzen zuela aitzakia hartuta, hainbat abesti birmasterizatu, digitalizatu eta binilo bikoitz batean jaso zituzten. Abesti horietako batzuk eta beste hainbat zuzenean entzuteko aukera izan dute gaur, Balentina Agirre plazara bertaratu direnek. 

Gukaren Tonbola, zabalik

Eta gaur arratsaldetik, Gukaren Tonbolako ateak ere zabalik dira, Erdikaleko 8. zenbakian. Jaiak bukatu bitartean izango da irekita; hain zuzen ere, bihar, etzi, uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean. Aurten ere askotariko sariak banatuko ditu Gukak tonbolan, tartean sari potoloak ere bai; bizikletak, patinete elektrikoak, bidaiak, ordenagailu eramangarria, Play Stationak, poltsak, futboleko kamisetak eta askoz gehiago. Tonbolaren ordutegi zehatza, honako loturan ikus daiteke.

Asteburu bete-betea aurretik

Gaurkoa, baina, atariko arin bat besterik ez da izan bihar-etzitan etorriko denaren ondoan. Pilotariak, Musika Banda eta txistulariak izango dira Baserritarren Eguneko egitarauari hasiera emateaz arduratuko direnak, 10:00 aldera, eta hortik aurrera, gustu guztietarako jarduerak eta ekitaldiak ekarriko ditu egunak: animalien erakusketa, gazta eta sagardo txapelketak, Kantujirakoen saioa, errekortariak, profesionalen mailako pala partidak, erromeria eta abar. 

Eta igandean, Umeen Egunean, beste horrenbeste izango da. Goiz eresiarekin hasi, eta Musika Bandak plazan emango duen pasodobleen kontzertuarekin bukatuko da eguna, baina bien bitartean, erraldoien desfilea, umeen eta gaztetxoen herri bazkaria, Inazio Deuna txirrindularitza saria eta artzain txakur txapelketa izango dira, besteak beste. 

Hona hemen biharko eta etziko egitaraua, oso-osorik: 

Bihar, zapatua, Baserritarren Eguna 
  • 10:00. 41. Cesar Valverde pilota txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan. 
  • 10:30. Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia. 
  • 10:55. Nafartasunari gorazarre egiteko kalejira, Perez Arregik plazatik herriko plazara. 
  • Ondoren, Urolako Napar Zuztarrak taldearen eskutik, bertsoak, kantak, pregoia eta ohorezko dantza, herriko plazan. 
  • 11:00. Animalien erakusketa, Astotegian. 
  • 11:00. 26. Gazta Lehiaketa, Azoka Plazan. 
  • 12:00. 52. Sagardo Lehiaketa eta txekor erre nahiz hegaluze dastaketa, herriko plazan. 
    • Bertsotan: Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Maddalen Arzallus. 
    • Trikitilariak: Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola. 
    • Aurkezlea: Xebastian Lizaso. 
  • 12:30. Kantujira saioa, Kantujirakoekin, Hazparnekoekin eta Marea Arroxa, Sanagustin kulturgunetik abiatuta. 
  • 18:00. Errekortari Txapelketa Nagusia, zezen plazan. 
  • 18:30. Sardina Freskue ikuskizuna, Done Jakue kalean. 
  • 18:30. Jainekin txaranga, Landeta auzotik herriko kaleetara. 
  • 21:00. Basque Motion elkarteak antolatuta, pala partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan. 
    • 1. partida: Fusto-Skufca eta Madariaga-Insausti
    • 2. partida: Mikel Sanz-Gordon eta Maldonado-Alkorta
  • 22:00. Zatekeen taldearen erromeria, herriko plazan. 
Etzi, igandea, Umeen Eguna
  • 11:00. Goiz eresia eta korporazio txikia Itsasi dantza taldearekin, Luix Beltza dantza suelto eskolakoekin eta Juan Antxieta musika eskolako txistulariekin nahiz banda gaztearekin.
  • 12:00. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa, herriko plazan. 
  • 13:00. Erraldoien desfilea, Alde Zaharreko kaleetan zehar.
    • Parte hartzaileak: Bergarako erraldoiak (Arrasateko dultzaineroak), Azkoitiko erraldoiak (Iruñeko gaiteroak), Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkartea (Laguardiako gaiteroak), Elgoibarko erraldoiak (Gasteizko gaiteroak), Pasaiako Erraldoi Elkartea (Pasaiako dultzaineroak), Txantreako Erraldoien Konpartsa (Txantreako dultzaineroak), Urduñako Bihotza konpartsa (Urduñako dultzaineroak), Iruñeko Errotxapeako Erraldoien Konpartsa (Errtxoapeako dultzaineroak), Iruñeko Alde Zaharreko Konpartsa (Iruñeko dultzaineroak), Añorgako erraldoiak (Añorgako dultzaineroak), Iruñeko Buztintxuriko Erraldoi Konpartsa (Buztintxuriko dultzaineroak), Barañaingo Ezpelur konpartsa txikia (Barañaingo Ezpelur dultzaineroak), Tafallako Asier Marco erraldoi konpartsa (Asier Marko taldeko dultzaineroak), Iruñeko Mendillorriko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsa (Mendillorriko erraldoien eta buruhandien konpartsako dultzaineroak), Iruñeko Iturri Plaza erraldoi txikien elkartea (Iturri Plaza erraldoi txikien elkarteko dultzaineroak), Zizur Nagusiko erraldoien konpartsa (Zizur Nagusiko erraldoien konpartsako dultzaineroak), Lazkaoko erraldoi eta buruhandien konpartsa (Lazkaoko gaiteroak), Orioko erraldoiak (tarteko dultzaineroak), Izugarria Hondarribiko erraldoiak (Hondarribiko trikitilariak), Urrestillako erraldoiak (Azpeitiko trikitilariak), Errezilgo erraldoiak (Azpeitiko trikitilariak) eta Azpeitiko erraldoiak (Iruñeko dultzaineroak).
  • 14:30. Herriko haurrentzat eta gaztetxoentzat herri bazkaria, herriko plazan. 
  • 15:30. Haurrentzako jolasak eta kalejira, Alde Zaharrean. 
  • 16:15. 46. Inazio Deuna txirrindularitza saria, Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatuta, Perez Arregi plazan.
  • 17:30. Artzain txakur txapelketa, Artxate kooperatibak antolatuta, Olazko belardian. 
  • 19:30. Azpeitiko Udal Musika Bandaren pasodoble kontzertua, herriko plazan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide