Aurten ere, 400.000 euro bideratuko ditu udalak herriko ekonomia sustatzeko

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 23a

Ander Larrañaga, Nagore Alkorta eta Leire Goenaga, Erdikalean. (Azpeitiko Udala)

Enpresei, autonomoei, merkatariei eta ekintzaileei zuzendutako diru laguntza programan eskaera egiteko epea ireki du Azpeitiko Udalak. Aurtengo deialdian hainbat berrikuntza gehitu ditu udalak, "herriko ehun ekonomikoaren beharretara egokitzeko". Iazko deialdiara aurkeztutako 124 eskaera onartu ditu erakundeak, eta 483.500 euro banatuta lagundu ditu.

Aurten ere 400.000 euro bideratuko ditu Azpeitiko Udalak herriko ekonomia sustatzeko diru laguntzetara. Eskaera enpresa, autonomo, merkatari eta ekintzaileek aurkeztu dezakete, eta horretarako epea urriaren 15era artekoa da. Aurtengo diru laguntzen deialdian hainbat berrikuntza erantsi ditu udalak, "herriko ehun ekonomikoaren beharretara egokitzeko ahalegina egiteko". Aurtengo deialdiaren berri ematearekin batera, iazko diru laguntza deialdiak "arrakasta" izan zuela azpimarratu du udalak: egindako eskaeretatik 124 onartu zituzten, eta horiei denei laguntzeko 400.000 eurotik 483.500 eurora gehitu zuen partida.

Lau laguntza lerro izango ditu aurtengo diru laguntza programak ere: zerbitzu eta lehen sektoreetan jarduerak indartzera bideratutakoak; industria proiektu estrategiko edo berritzaileak eta eraikuntza sektoreko proiektuak sustatzeko laguntzak; ekintzailetasuna sustatuz, bereziki gizarte-ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueretan enpleguaren sorrera bultzatzekoak; eta, lehen sektorean, zerbitzuen sektorean, ostalaritzan nahiz industrian enplegua sustatzeko laguntzak.

Garaian garaiko beharretara egokitzen ahalegintzeko diru laguntzetan zenbait aldaketa egin ditu udalak. Honakoak dira aurtengo diru laguntza deialdiak izango dituen berrikuntzak:

  • Bertako produktuen kontsumora bideratutako laguntzetan, gehieneko zenbatekoa 8.000 eurotik 12.000 eurora igo du udalak, "tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko".
  • Zerbitzu sektoreko inbertsioei dagokienean, soinu mugatzaileak instalatzea ere lagunduko dute.
  • Jarduera berriak: psikoneurologiako gabineteak (776. jarduera) gehitu du udalak diruz lagunduko duten jardueretara.
  • Merkataritzara bideratutako laguntzetan: diru laguntza jaso ahal izateko, denda fisikoa edukitzea ezinbesteko baldintza izango da. "Eusko Jaurlaritzaren MEC laguntzetan ezarritako irizpidearekin bat eginda", adierazi du udalak.
  • Ekintzailetza: enpresa bat ekintzaile batek baino gehiagok osatuta badago, Azpeitian erroldatuta dauden ekintzaileek bakarrik jaso ahal izango dute diru laguntza.

Eskaerak urriaren 15era arte

Herriko ekonomia sustatzeko diru laguntza eskaera egiteko epea ireki du udalak eta urriaren 15era arte aurkeztu ahal izango dute interesa dutenek. Udal egoitza elektronikoaren bidez, udaleko erregistro orokorrean edota Azpeitia Berritzenen bulegoan aurkeztu daitezke laguntza eskaerak.

Eskaera orriak, oinarriak, diru laguntza deialdia, jarduera berrien txostenak euskaraz eta gaztelaniaz nahiz diru laguntza eskaera elektronikoki egiteko helbidea Azpeitiko Udalaren webguneko lotura honetan aurki daitezke.

Era guztietako negozioentzat

Herriko ekonomia bultzatzeko diru laguntza programara era guztietako negozioek aurkez ditzakete eskaerak, udalak nabarmendu duenez. "Azken urteetan, adibidez, ahalegin berezia egin da zerbitzuen sektoreko eta lehen sektoreko negozioetara iristeko. Horren erakusle, 2025eko deialdian, lehen aldiz, lehen eranskineko lerroan (zerbitzu sektorean eta lehen sektorean jarduerak indartzea) aurkeztu eta onartu ziren eskaera gehien: 67 eskaera, eta 174.338 euro bideratu zituen udalak lerro horretara. Besteak beste, inbertsioak egiteko, bertako produktuen kontsumorako eta jarduera berriak martxan jartzeko eskatu zituzten laguntzak", azaldu du udalak.

Iazko deialdira aurkeztutako 124 eskaera laguntzea onartu zuen udalak, eta denera, 483.417 euro banatu zituen laguntzetan. Honela banatu zuen diru kopuru hori:

  • Zerbitzuen sektorean eta lehen sektorean jarduerak indartzeko laguntzak: 67 eskaera onartu zituen udalak, 174.338 euro bideratuz.
  • Industria proiektu estrategiko edo berritzaileak eta eraikuntza sektorea laguntzeko: hemeretzi eskaera onartu zituen udalak, 156.829 euro banatu.
  • Ekintzailetza sustatuz, bereziki gizarte ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jarduerak laguntzeko: 22 eskaera onartu eta 173.000 euro banatu zituen udalak iazko deialdiaren bidez.
  • Lehen sektorean, zerbitzuen sektorean, ostalaritzan nahiz industrian enplegua sustatzeko: 25 eskaera onartu zituen udalak, 79.250 euro banatuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide