Presoen aldeko elkarretaratzea, judo erakustaldia eta kontzertua, Santio egunaren bezperan

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 23a

Aurreko azken ostiral bateko Sarek deitutako elkarretaratzea, plazan. (Guka)

Azpeitiko Sarek deitutako presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, Kodaore klubekoen judo erakustaldia eta Tu-k musika taldearen kontzertua izango dira bihar, Santio egunaren bezperan, herriko plazan nahiz Balentina Agirre plazan.

Festetako ekintzez betetako asteburuaren bezperan ere izango dira ekitaldiak herrian. Bihar, Santiago egunaren bezperan, Azpeitiko Sarek deitutako presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, Kodaore elkartekoen judo erakustaldia eta Tu-k taldearen kontzertua izango dira.

Presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea, Azpeitiko Sarek deituta 19:00etan egingo dute plazan. Hilaren azken ostiraletako elkarretaratzea izango da hori, baina hil honetan azkeneko ostirala San Inazio eguna egokitzen denez, astebete aurreratu dute bilkura. Horrez gain, adierazi dute Sarekoek uda aurreko azken ostiraletako azken elkarretaratzea izango dela biharkoa; irailean berriro ekingo diete hilaren bukaerako bilkurei eta urtearen amaiera bitartean jarraituko dute, orduan behin betiko uzteko.

Sarekoek elkarretaratzearen ondoren, urtero bezala, Kodaore judo klubekoek erakustaldia eskainiko dute bihar, 19:00etik aurrera, plazan. Ikasturtean zehar ikasitako teknikak-eta jendaurrean erakutsiko dituzte judokek.

Biharko eguneko ekitaldiak bukatzeko, 20:30etik aurrera, Tu-K taldearen kontzertua izango da Balentina Agirre plazan. 1984an Txomin Uribek –Azpeitian bizi da– eta Josu Aranbarrik Ondarroan (Bizkaia) sortutako taldea da Tu-K. Ordutik 40 urte igaro zirenean, taldearen hainbat abesti bermasterizatu zein digitalizatu eta binilo bikoitz batean jaso zituzten, 2024an. Aurtengo martxoan, berriz, 22 21-11 disko berria argitaratu zuen talde horrek.

Asteburua berriz bete-betea dator: zapatuan, Santio egunez, Baserritarren Eguna ospatuko da, eta igandean, Umeen Eguna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide