Foru Ibilbidea itxiko dute bihar, eta autobus geralekuak lekuz aldatuko dituzte

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 23a

Bihartik aurrera ibilgailuek ezingo dute Foru Ibilbidean aparkatu. (Udala)

Bihar goizean itxiko dute trafikoarentzako Foru Ibilbidea eta 14:00etatik aurrera ezingo da kale horretan autorik aparkatu. Era berean, Julian Elortzako eta Tren Museoko autobus geralekuak saihesbidera aldatuko dituzte abuztuaren 5era arte. Iraurgi eta Izarraizpe ikastetxeetako jolastokiak autoak aparkatzeko egokituko dituzte.

Azpeitia asteburuan murgilduko da santio eta saninazio jaietan, eta herriko festen eraginez, hainbat aldaketa izango dira egunotan. Ohi bezala, Foru Ibilbidea itxi egingo dute bihar goizean, batetik, etzi Astotegian egingo dutelako animalien erakusketa, eta bestetik, saninazioetarako txosnagunea Azoka Plaza atzean kokatuko dutelako.

Ekintza horiek tarteko, Udaltzaingoak jakinarazi du bihar, uztailak 24, 14:00etatik aurrera ibilgailuek ezingo dutela Foru Ibilbidean aparkatu; abuztuaren lehen egunetara arte itxiko dute etorbide hori trafikoarentzat. Hori hala, Lurraldebusek adierazi du Julian Elortza kaleko eta Burdinbidearen Euskal Museoaren alboko autobus geralekuak bertan behera utziko dituela. Geldialdiak bi geraleku horietan egin ordez, saihesbidearen albokoan egingo dituzte, hain justu, museora joateko oinezkoentzako zubiaren parean. Abuztuaren 5etik aurrera berreskuratuko dituzte autobus zerbitzuek ohiko geralekuak. 

Aparkalekuak, ikastetxeetan

Foru Ibilbidea ibilgailuentzat itxi egingo badute ere, udalak jakinarazi du herriko hainbat ikastetxetako jolastokiak egokituko dituztela aparkatzeko. Uztailaren 24tik abuztuaren 4ra arte zabalduko dituzte Iraurgi eta Izarraizpe ikastetxeetako atariak autoentzat. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide