Artxate elkarteak antolatuta, IV. Arraza Libreko Artzain Txakur Txapelketa jokatuko dute etzi, igandea, Olazko belardian (17:30). Guztira, sei artzainek eta txakurrek parte hartuko dute lehia horretan. Artxate elkarteak arraza libreko txapelketak antolatzen baditu ere, aurten lehiatuko diren sei txakurrak border collie arrazakoak izango dira.
Aretxabaletako (Gipuzkoa) Asier Dacosta artzaina eta Zeru txakurra, Galdakaoko (Bizkaia) Bittor Bengoetxea eta Pupi, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Igor Elordi eta Tobi, Urretxuko (Gipuzkoa) Iñaki Irigoras eta Thor, Aizarnazabalgo Manuel Gorriti eta Turbo, eta Azpeitiko Pello Segurola eta Jak izango dira Olazko belardian lanean. Epaile lanetan, berriz, Narrondoko Mikel Garaiar eta Azpeitiko Mikel Garate arituko dira.