2024ko apirilean Azpeitian Vox alderdiari kontra egiteagatik ikertutako hogei herritarren aurkako auzia behin-behinean artxibatzeko eskatu zuen epaileak uztailaren hasieran, baina ebazpen horren kontrako helegitea aurkeztu du Voxek Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Horrenbestez, auzia ez dago oraindik itxita, eta auzitegi horrek erabaki beharko du artxiboa berresten duen ala prozedurarekin jarraitzea agintzen duen.
Auzia 2024ko apirilaren 14ko gertakarien ondorioz abiatu zen. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren testuinguruan, Vox Azpeitian informazio mahai bat jartzen saiatu zen, eta hainbat herritarrek protesta egin zuten alderdi ultraeskuindarraren aurka. Horren ondoren, alderdiak hogei lagunen aurkako salaketa aurkeztu zuen, hauteskunde delitua, gorroto delitua, mehatxu delitua eta hertsatze larria egotzita.
Urte hartako azaroan eta abenduan zehar deklaratu zuten ikertutako herritarrek. Azpeitiko epaitegiak auzipetuen alde egin zuen, kasua delitu arin gisa hartuta. Alta, Voxek errekurtsoa aurkeztu zuen Donostiako epaitegian, eta azken horrek testigantza gehiago biltzea agindu zuen, zehazki, Voxeko hiru kiderenak. Akusatuen eskariz, epaileak kasua behin-behinean artxibatzea onartu zuen uztailaren hasieran, hala ere, tentuz hartu zuten jakinarazpena Azpeitia Errepresioaren Aurka Plataformako kideek. "Berri ona izanagatik, erreklamaziorako aukera du oraindik alderdi ultraeskuindarrak, eta, beraz, adi jarraituko dugu kasuaren eboluzioa hurrengo egunetan", adierazi zuten. Orain, alderdi ultraeskuindarrak aukera hori baliatu du, eta helegitearen ebazpenarekin iritsiko da behin-betiko erabakia eta epaia.
Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak adierazi du helegitearen aurrean adi jarraitu beharra dagoela, hogei lagunen aurkako prozesu judiziala ez delako amaitu. Halaber, orain arte jasotako elkartasuna eskertzeaz gain, faxismoaren zein errepresioaren aurkako antolakuntzaren beharrezkotasuna berretsi du.