Bizikletak garai batean bezala, liburuak ere udarako bihurtu zaizkio askori, urtean zehar eskaintzen ez dioten astia eskaintzen diotelako askok irakurtzeari opor garaian. Joera hori maileguetan "antzematen" dutela dio Beatriz Aranbarrik, Azpeitiko Udal Liburutegiko liburuzainetako batek: "Oporretara joan aurretik, erabiltzaile askok hartzen dituzte liburuak hondartzara, mendira edo bidaiara eramateko. Gainera, urtean zehar atzeratuta utzi dituzten irakurketak egiteko aprobetxatzen dute askok uda. Horregatik, uztailean, batez ere, mugimendu handiagoa izaten da liburutegian".
Udako oporrak eta bidaiak liburutegiak ezagutzeko baliatzea ez da, printzipioz behintzat, hain orokortuta dagoen joera, baina baliteke aurtengo udaldian bestela izatea; bai, behintzat, Azpeitiko liburutegiaren erabiltzaileek Enparan dorretxeko udal zerbitzuaren arduradunek egindako proposamenari erantzunez gero.
Harremana sendotzeko
Uztail hasieran plazaratu zuen erabiltzaileei zuzendutako erronka edota gonbidapena liburutegiak. "Uda honetan bidaiatzen baduzu (izan inguruko herrira, hondartzara edo planetaren beste aldera) eta liburutegi polit, bitxi edo ikusgarriren bat bisitatzen baduzu... egin argazki bat eta bidali guri!", zioen Instagramen jarri zuten mezuak. Liburutegiei kanpotik zein barrutik ateratakoak izan daitezke argazkiak, eta erabiltzaileak beraiek ager daitezke ala ez irudietan. Erronkari erantzun nahi dioten erabiltzaileek @azpeitikoliburutegia Instagrameko kontura bidali behar dituzte argazkiak –edo bideoak– zuzeneko mezu bidez, irudietako liburutegiaren izena eta non dagoen zehaztuta. Irailean, jasotzen dituzten irudiekin bilduma osatu eta sare sozialetan argitaratzea da liburutegikoen asmoa.
"Helburua ez da irudi kopuru jakin bat lortzea. Jendea animatzea da, batez ere, asmoa", zehaztu du Aranbarrik. Izan ere, erabiltzaileekin hartu-emana estutzeko tresna gisa ere irudikatu dute ekimena. "Aspalditik genuen buruan antzeko zerbait egitea", dio liburuzainak, baina liburutegiko eguneroko lanak eraginda "sare sozialak pixka bat baztertuta" izan dituztela azaldu du. "Erabiltzaileekin harreman hori berriro indartzeko beharra" da, hain zuzen, udako erronka berezia egitera bultzatu dituen arrazoi nagusietako bat.
Urrutikoak, gertukoak...
"Gustatuko litzaiguke leku askotatik argazkiak jasotzea, liburutegi ezagunetakoak zein ezezagunagoetakoak. Ziur gaude erabiltzaileek guk ezagutzen ez ditugun txoko interesgarriak erakutsiko dizkigutela, eta, bide batez, beste pertsona batzuk ere liburutegi horiek bisitatzera animatuko dituztela", kontatu du Aranbarrik. Izan ere, edozein liburutegik izan dezake xarma, ez bakarrik oso handiek, ezagunek edota historikoek, eta ideia hori ere azpimarratu nahi dute Azpeitiko liburutegikoek: "Askotan, herri txikietako liburutegiek ere ezusteko politak ematen dituzte. Tamaina baino gehiago, arnasten den giroa, langileek proiektuarekin duten konpromisoa eta komunitatearekin duten lotura dira gehien baloratzen ditugunak".
Liburutegiak, oro har, turista oldeak jasotzen dituzten guneak ez diren arren –babesleku klimatikoak badira bai, agian–, salbuespenak badaudela dio Aranbarrik. "Ez da izango oporretako lehenengo plana jende askorentzat, baina pentsatzen duguna baino gehiago dira bidaietan liburutegiren bat bisitatzen dutenak. Azken finean, liburutegi asko hirien arkitektura eta kultura ondarearen parte dira, eta gero eta gehiago dira turismo gidetan ere agertzen direnak". Azpeitiko liburuzaina bera, "deformazio profesionalak" bultzatuta edo, bada bidaiatzen duenean liburutegietara inguratzen den horietakoa. Munduko bazter askotakoak ezagutzeko parada izan du eta "zaila" egiten zaio gutxi batzuk aukeratzea, baina egin du aukeraketa: Espainiako Liburutegi Nazionala, Stockholmeko Liburutegia, New Yorkeko Liburutegi Publikoa (AEB) eta Rio de Janeiroko Erret Liburutegi Portugaldarra (Brasil) "bereziki ikusgarriak" iruditzen zaizkio Aranbarriri. Azpeitikoaren egoitza ere bada berezia: Enparan dorretxea, XIV. mendekoa.
Ikusgarritasuna eta gordetzen dutenaren aberastasuna gorabehera, "liburutegiak tokiko bizimodua ezagutzeko leku politak dira" Aranbarrirentzat. "Liburutegiak bisitatzea esperientzia berezia izaten da, bakoitzak bere modura liluratzen baitu", dio, jendeak bisitatu beharrekoen zerrendetan liburutegiak gehitzeko beste arrazoi bat emanez.