Urte luzeko ibilbidearen ondotik, iritsi da On Kixote eta Santxo Panza buruhandiei Azpeitiko festetatik erretiroa emateko garaia. Gaur goizean aurkeztu dituzte haien lekukoa hartuko duten buruhandi parea: ttuntturroa eta sukaldaria. Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Haurren Kontseiluak elkarlanean egindako prozesuaren emaitza dira figura berriak, Iñigo Borda azpeitiarrak eskuz sortutakoak. 2026ko Umeen Egunean, igandez, aterako dituzte kalera estreinakoz.
Duela urtebete pasatxo hasi zuten buruhandiak berritzeko prozesua, On Kixoteren eta Santxo Panzaren irudiak zaharkituta zeudela iritzita. "Azpeitiarekin batere loturarik ez duten pertsonaiak dira, kulturalki urrun gelditzen zaizkigunak, eta dagoeneko aldatzeko unea zela ikusi genuen", azaldu du Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak. Herritarren eskaerak ere jaso dituztela adierazi du. Horrenbestez, honako laukoteak osatuko du Azpeitiko buruhandien taldea: emakumea, ttuntturroa, sukaldaria eta Inpernuko Txikitoa. Figura berriek ez dute izen zehatzik, baina ez dute baztertu noizbait izena jartzerik. Pertsonaia berrien jantziak erositakoak dira, baina Itsasi dantza taldekoen laguntza ezinbestekoa izan dute ttuntturroaren jantzia borobiltzeko. Hain zuzen, Itsasik utzi die ardi ilez egindako txalekoa.
Orain arteko buruhandien figurak "ibiltzeko baldarrak" direla aitortu dute azken bi urteetan erraldoien eta buruhandien konpartsan parte hartu duten gazteek, eta pozik hartu dituzte protagonista berriak. Konpartsako kideetako batzuk dira Unai Astigarraga, Gorka Froilan, Julen Juaristi eta Oier Zubizarreta, eta buruhandi berrien aurkezpenean izan dira gaur, aalpenak entzuten nahiz gazteen galderak erantzuten. Juaristi eta Zubizarreta aritzen dira buruhandiekin. "Gustura" ibiltzen direla kontatu dute: "Gure artean oso giro ona daukagu, festa giroan ateratzen gara beti eta gustura aritzen gara lagun artean. Gainera, buruhandien kasuan, umeen poza nabaritu egiten da, haiekin jolasteko aukera ematen baitute". Gaur probatu dituzte buruhandi berriak, eta gustura daude arinagoak eta erabiltzeko errazagoak direlako. Umeen Egunean aterako dira aurrenekoz figura berriak soinean jantzita. Erraldoiekin ibiltzen dira, bestalde, Froilan eta Astigarraga, eta haiek pisu handiagoa eramaten dute soinean; izan ere, erraldoiak pisutsuak direla diote, eta ondorioz, nahi baino baldarrago ibiltzen dira. Kalera atera aurretik egiten dituzte prestaketa saio batzuk.

Gaztetxoen parte hartzearekin
Prozesu parte hartzaile bidez erabaki dituzte buruhandien bi pertsonaia berriak. Hain zuzen, Haurren Kontseilua osatzen duten herriko LH5 eta LH6ko gaztetxoek egin zituzten proposamenak, baita marrazkiak eta diseinuak aurkeztu ere. Prozesuaren barruan aurkeztutako aukera guztien artean, festekin lotura zutenak aukeratu zituzten. Horrenbestez, gaztetxoen diseinuetatik abiatuta eraiki dituzte bi buruhandiak.
Lauzpabost hilabeteko tartean egin ditu ttuntturroa eta sukaldaria buruhandiak Iñigo Bordak. Aurrez bazeukan esperientzia antzeko lanetan; esaterako, Bordak sortu zuen Azkoitiko emakume pilotariaren erraldoia, iazko andremarietan aurkeztu zutena.
Udaleko ordezkariek gaur aurkeztu dizkiete buruhandi berriak udalekuetako gaztetxoei, Haurren Kontseiluko zenbait parte hartzaileri nahiz buruhandien eta erraldoien konpartsa osatzen duten gazteei. Dinamoa sormen gunearen atarian elkartu dira, eta han gaztetxoek askotariko galderak egiteko aukera izan dute.

Erraldoiak konpontze lanetan
Buruhandiek erraldoien konpartsa izango dute ondoan, eta erraldoi berririk ez dagoen arren, orain artekoak festetarako atontzen ari da udala. Emakume zuri-ile horia, emakume beltza, gizon arabiarra eta gizon txinatarra dira erraldoien konpartsa osatzen duten figurak, eta emakume beltzaren irudiarekin izandako istripu txiki bat tarteko, erraldoiaren zati batzuk puskatuta zeuden. Iñigo Borda ari da figura konpontzen.
Oraingoz, udalak ez du aurreikusten epe motzera erraldoi berriak egiterik, baina jakitun dira gaur egungoak zaharkituta gelditu direla, batez ere egitura aldetik. Odriozolak azaldu duenez, bi zatitan egituratuta daude Azpeitiko erraldoiak, eta aspaldikoak direnez egurrezko egitura astuna dute goiko aldean. Izan dituzte hainbat burutazio, baina oraingoz ez dute berrikuntzarik iragarri.
Azpeitiko egungo erraldoiek urte dezente dituzte, baina egungoen aurretik izan ziren beste batzuk. Gukaren Zaharrak Berri atalean ikus daitekeenez, XX. mende hasierako irudi batean gaur egungoak ez diren baina gaurkoek bezala lau arraza irudikatzen dituzten erraldoiak ageri dira, baita On Kixote irudikatzen duen buruhandia ere.
Hauji ere, azalberritzen
Haujijijai festa batzordeko kideak ere Hauji pertsonaiaren figura berritzen dabiltza azken asteetan. Bertako kideek azaldu dutenez, urteak ziren erraldoia berritzen ez zutela, eta erabiltzeko errazagoa izango den gorputza eman nahi diote. Horrez gain, atontu egingo dute, egitura indatuta eta margotuta.