Azpeitiko Errekortari Txapelketa Nagusia izango da larunbatean, 18:00etan, zezen plazan. Txapelketaren ondoren, Unai Arellano (Azpeitia, 2005) uztaidun errekortariak erakustaldia eskainiko du, Xabier Iturralde herrikidearekin batera. Gogoz dago etxeko plazan jarduteko.
Uztaidun errekortari ariko zara hilaren 25ean.
Bai, baina zezenean denean ibili izan naiz: kalean sokamuturrean, errekorteko hainbat modalitatetan... Aurten, ordea, Xabirekin [Iturralde] uztaien modalitatean erakustaldia egitea egokituko zait.
Errekorteko beste modalitateekin konparatuta, uztaienak zer desberdintasun ditu?
Uztaidun errekortean eskatzen den maila exijentea da, jardunaldi osoa behi berarekin egiten da eta ganadutegi ezagunetako behiak ateratzen dituzte; ez da errekortean bezala, hainbat zezenekin jarduten dutela. Modalitate bakoitzak bere zailtasunak ditu, baina fisikoki eta buruz beste maila bat eskatzen duen modalitatea da uztaidun errekortariena.
Zezenean beti ibili zarela esan duzu, baina errekortean noiz eta nolatan hasi zinen?
Xabiren eskutik, hiru azpeitiar gazte hasi ginen errekortean entrenatzen: Luka Arruti, Iñaki Soraluze eta neu. Nafarroako eta Zaragozako [Espainia] herrietara joaten ginen Xabirekin uztaidun errekortariak ikustera. Errekortarien saioak ikustera joanez eta entrenatuz, harrapatu egin gintuen zaletasunak, eta hortxe gabiltza. Xabik irakatsi dizkigu hainbat balio; besteak beste, animaliarekiko errespetua.
Orduan, uztai errekorterako zaletasuna badago Azpeitian.
Hazten ari da errekortarien ikuskizunetarako zaletasuna Azpeitian. Lehen, uztai modalitatea ez zen asko ezagutzen. Nafarroan, berriz, sekulako afizioa dago uztaidun errekorterako: erakustaldi eta txapelketa ugari egiten dira, herriz herri, festetan. Azpeitian, bizpahiru urte besterik ez dira uztaidun errekortarien ikuskizunak antolatzen direla. Azpeitian eta Azkoitian gazte asko dabiltza uztaidun errekortean, batzuk indar handiarekin datoz eta gauzak ondo egiten ari dira. Uste dut plazara ateratzeko gogoz daudela.
Nola entrenatzen duzue?
Pixkanaka-pixkanaka, fisikoa lantzen joaten gara, eta hondarretan ere jarduten dugu entrenatzen. Hondarretan lasterka ibiltzen gara lagun baten zezen plazan, eta gainontzean, normal entrenatzen dugu. Azkenean, zezen plazan, hondarretan ibilita, hankak ikaragarri penatzen dira. Errekortean hiru minutuko txanda egiteko, zerotik ehunerako pasoa egiten da hiru minutuan, animalia baten aurrean egonda taupadak ere bizkortu egiten dira, tentsioa... Dena pilatzen da.
Uztaiekin jarduteko, ganaduak zer ezaugarri izan behar ditu?
Batetik, ikusleei halako txinparta bat transmititu behar die behiak. Hori gertatzen denean, errekortariok ere antzeman egiten dugu, eta egoera horrek beste joko bat ematen du. Errekortariok hiru minutuko txandari eutsi egin behar izaten diogu, baina baita behiak ere. Hiru minutuan goi-goian egoteko gai dela erakusten dionean behiak errekortariari, ederra izaten da; alegia, behiak plaza beretzako hartzen duela ikustea da ederra.
Azpeitiko zezen plazan, etxean, jarduteak errespetua ematen al du?
Errekortarien txapelketaren eguna azpeitiar guztientzako berezia izaten da. Ni txikitatik joan izan naiz errekortarien txapelketa ikustera, eta badakit egun horretan plaza bete egiten dela. Herritar denak plazan izaten dira: familia, lagunak... Berezia da Azpeitiko zezen plazan aritzea, eta parte hartzeko proposatu zidatenean, izugarrizko ilusioa egin zidan. Gogoz nago erakustaldirako. Errespetua? Animalia baten aurrean jartzeak beti ematen du errespetua, edozein plazatan. Azpeitian, baina, beste gogo puntu batekin jardungo dut.
Beraz, animatuta zaude zapatuko erakustaldirako.
Bai, bai, ea arratsalde polit bat eskaintzen dugun.
Errekotari errferenterik ba al daukazu?
Xabi. Berarekin hasi ginen, berak irakatsi digu dakigun dena. Gainera, Espainiako Ligan puntan dabilen errekortaria, sanferminetako azken txapelketa irabazi du. Xabik denoi transmititzen dizkigu ikasteko eta gauzak egiteko gogoa.
Santio egunez egingo duzu erakustaldia. Gainontzean, nola pasatuko dituzu santioak eta saninazioak?
Lagunekin eta familiarekin disfrutatuko ditut festak, egun ederrak izaten direlako azpeitiarrontzako. Parranda pixka bat ere egingo dugu, eta zezenzalea naizenez, zezenketetara ere joango naiz.