Herenegun, hilaren 17an, 90 urte bete ziren Espainiako armadaren talde batek armak hartu eta altxamendu militarra hasi zuela, Bigarren Errepublikako sistema demokratikoaren aurka. Hurrengo egunean, gerra Euskal Herrira iritsi zen, eta erakunde demokratikoetako abertzaleak antolatzen hasi ziren. Demokrazia eta euskal eskubideen defentsan elkartu eta Eusko Gudarostea sortu zuten Loiolan, eta Azpeitiko herriak udalbatza berezia egin zuen. Urteurren hori gogoan, bihar, astelehena, ekitaldi politikoa egingo du EAJk, Loiolan.
Kandido Sasetaren omenez eta Eusko Gudarostearen sorrera gogoratuz Loiolan jarritako bi oroigarrien eta ikurrinaren ondoan, egingo dute jeltzaleek, 19:30ean hasita. Ongietorriaren ostean, Iraia Bereziartua biolin jotzaileak Eusko Gudariak interpretatuko du. Segidan, hitza hartuko dute Pello Elorza Azpeitiko Uri Buru Batzarreko presidenteak eta Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak. Segidan, Eusko Gudarostearen sorrera gogoratzen duen oroigarrian lore eskaintza egingo dute, Gora eta gora Euskadi ereserkia biolin doinuan entzun bitartean. Ekitaldia mokadutxo batekin bukatuko dute.