Hamar baltsa eta jendetza batu ditu Gaztetxearen baltsa jaitsierak

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 18a

Eguerdiko hamabietan uretaratu dituzte baltsak, eta ibaian ur gutxi zegoelako nahiko lan izan dituzte parte hartzaileek helmugara iristeko. Urolaren ibaiertzeetan jendetza batu da baltsen jaitsiera ikusteko. Gauera bitartean hainbat ekitaldi izango dira Azpeitiko Gaztetxearen 21. urtemuga ospatzeko.

Ostegunean hasi zituzten Azpeitiko Gaztetxearen 21. urtemugaren ospakizunak, baina gaur dute urtemugaren egun nagusia. Baltsa jaitsierarekin hasi dituzko gaurko antolatutako ekintzak. 11:00etan, erakusgai jarri dituzte baltsak plazan. Hamar taldek edo kuadrillak parte hartu dute aurten.

Baltsetarako aurtengorako jarri duten gaia Gaztetxea ...rena izan ez bazen, zer? izan da, eta denetarako gaiekin prestatu dituzte baltsak. Jaitsiera hasi aurretik, baltsak prestatu dituzten baltsetako gazteek hamaiketakoa egin dute plazan. 12:00etarako uretaratu dituzte baltsak, eta behin suziria botata jaitsiera hasi dute. Ur gutxi zegoen ibaian eta nahiko lan izan dute ibaian behera joateko, dena den jolaserako tartea hartu dute. Urolaren ibaiertzean jendetza batu da baltsen jaitsiera ikusteko.

Baltsa jaitsierako sari banaketa bazkalostean egin zuten Gaztetxean. Denera, hamazazpi sari banatu zituzten, eta sari nagusiak honakoak izan ziren: baltsarik originalenaren saria 0.0 Euskaran taldekoek jaso zuten; jaitsiera bukatzen lehenenak izan zirenen saria Oialumek; bukaerara osorik iritsi zen baltsarena Haur etxeak; giro onenarena 8 eta Ezer ezk; eta baltsa handienaren saria Hippyak.

Aurten, Gaztetxearen urtemugako ekitaldiak ostegunean hasi zituzten, pala eta ludus txapelketekin. Frontoi Txikian jokatu zituzten bi txapelketak, eta ondoren, Gaztetxean bildu ziren afaltzeko. Atzo, berriz, herriko plazan Azpeitiko Gaztetxearen futbito txapelketako finalak jokatu zituzten. Gaur, baltsa jaitsieraren ondoren, Gaztetxean bazkaldu eta gauera arte izango dituzte ekintzak.

Gaurko egitaraua:
  • 14:30. Bazkaria, Gaztetxean.
  • Ondoren, sari banaketa.
  • 17:30. Sangria, DJ emanaldia eta jolasak, plazan.
  • 20:00. Gaztetxearen irekiera.
  • 20:30. Kontzertuak: Lepue Zapaldu eta Jipoituak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide