Sarraski eta Beti Gazte izan dira plaza beteko futbito txapelketako txapeldunak

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 18a

Azpeitiko Gaztetxearen futbito txapelketako irabazleak erabaki dira. Maiatzaren erdian hasi zuten txapelketa hemezortzi taldek Betharrametako jolastokian, eta Gaztetxearen 21. urtemugako ospakizunen bezperan erabaki dira txapeldunak plazan jokatutako bi finaletan. Jendez beteta egon da plaza txapelketaren azken bi neurketak ikusteko.

Azpeitiko Gaztetxea 21. urteurrena ospatzen ari da ostegunetik. Atzo iluntzean Gaztetxeko Futbito Txapelketaren finalak jokatu zituzten plazan.Joko eremuaren bueltan jende andana bildu zen txapelketaren azkenekoak jarraitzeko. Kopako finala Pintxo United eta Beti Gazte taldeek elkarren aurka jokatu zuten, eta 3-2 irabazita Beti Gazte izan zen garailea. Txapelketako irabazlea, berriz, Sarraski taldea izan zen 5-2 irabazita Mentxe Senperue taldeari.

Plazako futbitoko joko eremuaren bueltan jende asko bildu zen, eta arreta handiz jarraitu zituzten herritarrek bi finalak. Finalen aurretik, aldarriak ere izan zuen bere lekua, Azpeitiko Gaztetxeak deituta ehunka herritarrek atera zuten argazkia Euskal Herriko selekzioaren alde eta "inposizoen kontra".

Gaurkoan segida izango dute Azpeitiko Gaztetxearen 21. urteurreneko ekitaldiek, eta egun beteko egitaraua prestatu dute, besteak beste, baltsa jaitsiera, bazkaria, jolasak eta kontzertuak izango dira.

Gaztetxearen 21. urtemugako egitaraua:

Gaur, larunbata.
  • 11:00. Baltsa erakustaldia eta hamaiketakoa, plazan.
  • 12:00. Baltsa jaitsieren hasiera.
  • 14:30. Bazkaria, Gaztetxean.
  • Ondoren, sari banaketa.
  • 17:30. Sangria, DJ emanaldia eta jolasak, plazan.
  • 20:00. Gaztetxearen irekiera.
  • 20:30. Kontzertuak: Lepue Zapaldu eta Jipoituak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide