Argitaratu dituzte Santutxoko eta Erdikaleko babes ofizialeko etxeen eta etxe tasatuen oinarri arautzaileak

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 17a

Santutxon eraikiko dituzten etxebizitzek izan dezaketen itxura orientatiboa. (Azpeitiko Udala)

Besteak beste, izena eman ahal izateko zer baldintza bete beharko diren zehazten da oinarrietan. Udalaren arabera, izen ematea udazkenean izango da.

Santutxon 28 etxebizitza eraikiko ditu Azpeitiko Udalak; hamar babes ofizialekoak izango dira eta hemezortzi tasatuak. Erdikalean ere hamabi etxebizitza tasatu eraikiko dituzte. Erakundeak jakinarazi duenez, aurrera doaz bi prozesuak, eta gaur, ostirala, argitaratu dituzte oinarri arautzaileak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO). 

Oinarri horietan jasota daude etxebizitzen zozketetan parte hartu ahal izateko badintzak: gutxieneko eta gehieneko diru sarrerak zein diren, zer errolda betekizun eskatzen diren eta gainerako baldintzak zein diren. Udalak gogorarazi du babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduran parte hartzeko Etxebiden izena emanda egon beharko dela azaroaren 1a baino lehen. Izen ematea garaiz egiteko aholkatu du udalak, ez delako egun batetik bestera egiten den tramitea. 

Behin oinarriak argitaratuta, izen ematea zabaltzea izango da hurrengo urratsa. Erakundeak aurreratu duenez, udazkenean izango da hori, eta esleipen zozketa urtea amaitu baino lehen egitea aurreikusten du. Elkarrekin egingo dituzte bi promozioen zozketak; hau da, Santutxoko eta Erdikaleko 40 etxeenak. 

Informazio gehiago nahi duenak Azpeitiko Etxebizitza Bulegora (Enparan kalea, 34) jo dezake. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako oinarri arautzaileak, berriz, honako lotura honetan kontsulta daitezke. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide