Gaueko autobus zerbitzu bereziak izango dira santioetan eta saninazioetan

Aitziber Arzallus 2026ko uztailaren 21a

Autobus bat, Loiolan. (La Guipuzcoana)

Azkoitira, Zestoara eta Errezilera eskainiko dituzte santioetan gaueko autobus zerbitzu bereziak. Saninazioetan, berriz, kostaldeko herrietara arteko autobusak ere egongo dira, hala nola Zumaiara, Getariara eta Zarautzera.

Lurraldebusek autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu Azpeitiko santioetan eta saninazioetan. Santioetan, uztailaren 24tik 25era arteko gauean, Azkoitira, Zestoara eta Errezilera izango dira autobusak. Saninazioetan, uztailaren 30eko, 31ko eta abuztuaren 1eko gauetan, aurreko hiru herrietarakoez gain, Zumaiara, Getariara eta Zarautzera ere izango dira zuzeneko lineak.

Santioetan, Azkoitia eta Zestoa lotuko dituen autobusak izango dira, batetik. Azkoititik 00:00etatik 06:00etara orduero –00:00etan, 01:00etan, 02:00etan, 03:00etan, 04:00etan, 05:00etan eta 06:00etan– aterako dira autobusak Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik, geldialdiak Azpeitian nahiz Zestoan eginez. Ordea, aurkako noranzkoan ere ibiliko dira autobusak, Zestoatik Azkoitira arte; 00:20ean, 01:20ean, 02:20ean, 03:20ean, 04:20ean, 06:20ean eta 06:20ean abiatuko dira handik. Azpeititik Errezilera, berriz, bi orduz behin egingo dute bidaia autobusek, hain justu, 02:00etan, 04:00etan eta 06:00etan.

Bestalde, saninazioetan, uztailaren 30etik abuztuaren 1era bitarteko gauetan ere zerbitzu bereziak egongo dira 00:30ean Azpeititik irtenda, Zestoan (00:40) eta Zumaian (01:00) geldialdia eginez; baita 02:30ean eta 04:30ean ere, honako geldialdi hauekin: Zestoa (02:40 eta 04:40), Zumaia (03:00 eta 05:00), Getaria (03:10 eta 05:10) eta Zarautz (03:25 eta 05:25). Horrez gain, gaueko zuzeneko zerbitzuak ere izango dira Azpeititik Zestoara, 01:10ean, 03:10ean eta 05:10ean, eta Azkoitira, 00:10ean eta ondoren orduero 01:40tik 06:40ra arte.

Gainera, uztailaren 30etik 31rako gauean, beste gaueko zerbitzu bat izango da Azpeititik Zumaiara, 06:30ean irten eta 07:00etan iritsiko dena, 06:40ean Zestoan geldialdia eginez. Halaber, abuztuaren 1etik 2rako gauean, zuzeneko zerbitzuak egongo dira Azpeititik Azkoitira, 02:40an, 04:40an eta 06:40an irtenda.

Azpeititik Errezilera ere joango da autobusa 02:00etan, 04:00etan eta 06:00etan irtenda (azken zerbitzu hori uztailaren 24tik 25erako, uztailaren 30etik 31rako eta abuztuaren 1etik 2rako gauetan baino ez da eskainiko).

Halaber, abuztuaren 1etik 2rako gauean, UK45G eta UK46G lineek ohiko zerbitzua eskainiko dutela, baina aldaketa batzuekin. Hala, UK45G linean kendu egingo dira Zestoatik 03:45ean eta 05:45ean irteten diren zerbitzuetako Zestoako geltokiak; eta UK46G linean, Azkoitiko Munibe geltokia ez da egingo 02:20an, 04:20an eta 06:00etan bertatik irteten diren lineetan. Zerbitzu horiek Azpeititik zuzenean abiatuko dira, hurrenez hurren, 03:55ean eta 05:55ean, eta 02:30ean, 04:30ean eta 06:10ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide