2026ko Udako Musika Printzak zikloaren bigarren kontzertua izan zen atzo, 21:00etan hasita, Olazko ermitan. Aitor Garitano Bergarako (Gipuzkoa) tenorrak zuzenean abestu zuen eta Ignacio Arakistain aritu zen pianoan. Euskal musikari tokia egin zioten, hainbat euskal konpositoreren piezak interpretatuz; tartean, Valentin Larrea (1876-1970) musikagile gipuzkoarra jaio zeneko 150 urteurrenari keinu egin zioten, hark konposatutako lanak interpretatuz.
Atzoko kontzertu lirikoak herritarren aldetik harrera bikaina jaso zuen, ermita goraino beteta. Gainera, Olazko ermitan bildutako musikazaleak gustura egon ziren, izan ere bi musikarien saio bakoitzaren bukaeran txalo zaparradak jo zituzten.
Udako Musika Printzak zikloa Burdinbidearen Euskal Museora itzuliko da gaur, Urola trena martxan jarri zuteneko mendeurrena gogora ekartzeko.Urolako trena, mende batez gure bidaide kontzertu-performance ibiltaria eskainiko dute Garazi Navas musikariak eta Maite Lopez las Heras idazleak, museotik Lasaora joan-etorria egingo duen trenean. 21:00etan hasiko da. Zikloko aurreko bi emanaldietan ez bezala, gaurkoan parte hartzeko sarrera hartu behar da, Kulturaz.eus webgunean.
Uztailaren 10ean izan zen 2026ko Udako Musika Printzak zikloaren barruko lehenengo emanaldia, Javier Perez de Azpeitia pianistak zuzenean musika jarri zien zinema mutuaren hiru klasikori Burdinbidearen Euskal Museoan.