Urrestillako erdigunea berrurbanizatzeko lanak bukatu dituzte

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 16a

Hirugarren eta azken faseko lanak, amaituta. (Azpeitiko Udala)

780.000 euroko aurrekontua bideratu du udalak 2024ko uztailetik hona hiru fasetan banatuta gauzatu dituen obretara. Obrak amaitzeko falta zen azken fasean, Kaleaundiko azpiegiturak eta zoladura berritu dituzte batetik, eta bestetik, Altuna Errota kalean oinezkoentzako espaloi berria egin dute. 

Amaitu ditu udalak Urrestillako erdigunea berrurbanizatzeko lanak. Duela bi urteko uztailean hasi zituen erakundeak obrak han, eta ordutik hona, hiru fasetan banatuta gauzatu dituzte lanak. Orain, hirugarren eta azken faseko lanak eginda daudela, udalak amaitutzat eman ditu proiektu horretarako aurreikusitako obra guztiak. Batetik, Kaleaundiko azpiegiturak eta zoladura berritu dituzte, eta bestetik, Altuna Errota kalean oinezkoentzako espaloi berria egin dute; horiek izan dira hirugarren fasean egindako jarduketak. 

Udalak azaldu duenez, lan horiekin herriguneko azpiegiturak eta zorua berritzea, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea eta oinezkoentzako "espazio atseginagoa" sortzea nahi izan du erakundeak. Bigarren fasean, Kalebarrena, Antxieta plaza eta Kaleaundi zein Kaletxiki arteko eremua berritu zituen udalak, oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuz. Era berean, autobus geltokian markesinak ere jarri zituen udalak, erabiltzaileen erosotasuna handitzeko. Lehen fasean, berriz, Kaletxikin gauzatu zituen erakundeak obrak, galtzada harri zaharrak kenduz, eta zorua berdinduta, kale osoa harlauza berriekin berriz zolatuz. Era berean, ur saneamenduaren sarea eraberritu zuten.

Guztira, hiru faseetako lanak aintzat hartuta, 780.000 euroko aurrekontua bideratu du udalak lan horietara. "Behin lanak amaituta, Urrestillako herriguneak berritu handia hartu du. Etxe Alai auzokoarekin batera, Urrestillakoa izan da azken bizpahiru urteetan erakundeak egin duen berrurbanizazio inbertsiorik handiena", adierazi du udalak.

Altuna Errota kalean oinezkoentzako espaloi berria egin dute. (Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide