Jaiotzez azpeitiarra ez den arren, herri horretan hazia da Alex Artzelus (Bergara, Gipuzkoa, 1992). Harentzat etxera itzultzea bezala izango da larunbatean Azpeitiko Sanagustin kulturguneko oholtzara igotzea. "Gogo handiz" dago emanaldirako.
Queer pertsonak biltzen dituen kolektibo artistikoa da Altxa Lili. Zerk batzen zaituzte?
LGTBI+ kolektiboko kideak izateak, baserri mundukoak izateak eta Ipar Euskal Herriarekin lotura izateak. Ni ez naiz Iparraldekoa, baina han bizi izan nintzen eta lagunak ditut han. Gainera, euskaldunak gara, euskarak ere batzen gaitu. Guztira, hamar bat lagun gara.
Altxa Lili kolektiboak urteak daramatza han-hemenka emanaldiak egiten. Nolatan hasi zenuten bide hori?
Atharratzeko [Zuberoa] LGTBI+ Egunerako ikuskizun berezi bat prestatu genuen; horrela hasi ginen. Egin genuen emanaldia, eta jendeari asko gustatu zitzaion; orduan konturatu ginen gure ezinegon berdinak zituen jende asko zegoela. Beraz, jarraitzea erabaki genuen. Gaur egun, ikuskizunak parte handi bat hartzen du, baina saiatzen gara hori bakarrik izan ez dadin gure proiektua; sare bat osatzen saiatu gara. Ez dago artista izan beharrik gure kolektiboko kide izateko; nik, adibidez, ez dut ikasi kanturik eta, baina taldean nago.
LGTBI+ kolektiboa, baserri mundua eta euskara uztartu dituzue. Zapaldutako hiru mundu ez al dira? Zapalkuntzei aurre egin nahi dien taldea al da zuena?
Motibazio politiko bat badago, baina hortik aparte, gure ezinegonetatik sortutako proiektua da. Denok sentitzen genuen sexiliatzeko beharra, hau da, hiri handietara joateko beharra, aske bizi ahal izateko. Ni joaten nintzen Bilbora lagun batzuekin, baina oso arraro sentitzen ginen, era berean, oso mundu erdalduna zelako. Kanpoan, zentzu batean, lortzen duzu askatasuna, baina falta zaizu zure identitatearen beste ezaugarri bat: euskaltasuna edo herri txiki batekoa izate hori. Denok geneukan har bat, eta horrekin apurtu nahi genuen.
Eta emanaldian, zer eskaintzen duzue?
Kide bakoitzak pentsatzen du zer ikuskizun egin nahiko lukeen, eta oro har, saio indibidualak egiten ditugu; dena den, gero elkarrekin lotzen ditugu. Bertsolaritzatik hurbil dagoen kide bat daukagu, nik soinua jo izan dut, beste kide bat dantzari profesionala da… Bakoitzak barruan daukan zera horretatik abiatuta egiten ditu bere ikuskizunak. Azpeitiko emanaldia ikustera etorriko denari esango nioke denetarik apur bat aurkituko duela: musika, kantu asko, dantza, bakarrizketak…
Jantzi deigarriak erabiltzen dituzue. Iruditeriari dagokionez, drag munduarekin lotura duzue, ezta?
Bai, azken batean, drag king edo drag queen-ak gara denok. Ez dugu inolako eredu zehatzik jarraitzen, baizik eta bakoitzak daukan gogotik eta eredutik abiatuta aukeratzen ditu jantziak. Baina drag munduarekin erabateko lotura daukagu.
Zer dela eta? Mundu horri ikusgarritasuna eman nahi diozuelako? Edo zuen askatasuna aldarrikatzeko modu bat da?
Barruak eskatzen zigun zerbait zen; gure askatasunerako modu bat da.
Zer mezu eman nahi dituzue?
Denetarik dago; adibidez, batek heriotzari buruzko saio bat egiten du, beste batek mezu politiko ezkertiarrak eman izan ditu… Hainbat mezu daude, baina errepikatzen den mezua da LGTBI+ munduaren, baserri munduaren eta euskalduntasunaren aldeko aldarria. Hori da gure oinarria.
Lehen aldiz izango zarete Azpeitian. Zer-nolako herria da Azpeitia LGTBI+ kolektiboko jendearentzat?
Eufemismo barik, Azpeitia oso herri homofoboa eta itxia izan da, eta baneukan horri buelta emateko gogoa; kolektiboari ikusgarritasuna emateko gogoa, zapaldu gaituzten pertsona horiei denei hor gaudela erakusteko gogoa, espazioa hartzen dugula eta jada ez garela jaitsiko oholtza gainetik.
Astindu Armayuek kolektiboa lan handia egiten ari da azken boladan horri lotuta...
Sekulako arnasa izan da, zalantza barik, eta horrek bide handi bat zabaldu du. Baina ez dut uste oraindik herritar guztiek gure kolektiboa onartzen dutenik. Oraindik pankartak kentzen dituzte, eta oraindik ez dago dena konponduta.
Zuretzako etxera itzultzea bezala izango al da larunbatean Azpeitian emanaldia aurkeztea? Ahalduntze ariketa bat?
Ni ez naiz inoiz azpeitiar sentitu, baina Azpeitian egin dut nire bizitzaren zatirik inportanteena. Beraz, bada etxea neurri oso handi baten. Eta ahalduntze ariketa izango da, zalantza barik. Beldurrik ez daukat, errespeturik ere ez, daukadana da gogo handia erakusteko Azpeitiari irten genuela armairutik, eta ez daukagula sartzeko asmorik. Libre bizitzen saiatzen gara. Badauzkagu gure traumak, baina bagoaz aurrera eta inork ez gaitu geldituko.