Umeen Egunean eta herri bazkarian izena emateko mahaia jarriko dute aste honetan

Ihintza Elustondo 2026ko uztailaren 14a

Marea Arroxako kideek uztailaren 16an eta 17an –ostegunean eta ostiralean– jarriko dute izena emateko mahaia plazan. Bi egun horietan, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara izango dute herritarrek Umeen Egunean, herri bazkarian eta kuadrillarteko jolasetan izena emateko eta kamiseta zein zapiak erosteko aukera.

Beste urte batez, santioak eta saninazioak gerturatzen ari dira, eta urtero bezala, Haujijijai festa batzordeak Umeen Egunerako ekintzak eta San Inazio bezperarako herri bazkaria antolatu ditu, beste hainbat jardueraren artean. 

Ekintza horien guztien berri emateko, mahaia jarriko du festa batzordeak, eta Umeen Egunean, herri bazkarian nahiz kuadrilla arteko jolasetan izena emateko eta kamisetak zein zapiak erosteko aukera izango da. Mahaia uztailaren 16an, ostegunean, eta uztailaren 17an, ostiralean, egongo da plaza nagusian. Bi egunetan, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era egongo da informazio puntua.

Umeen eta gaztetxoen eguneko egitaraua

Bazkaria, jolasak eta kalejira antolatu ditu festa herrikoien aldeko batzordeak uztailaren 26an egingo duten umeen eta gaztetxoen egunerako. 13:30ean elkartuko dira ekintzetan parte hartzera animatzen diren gaztetxoak. HH4ko eta HH5eko haurrak plazako eskaileretan elkartuko dira; LH1 eta LH2 mailetako gaztetxoak Done Jakue kaleko parkean; LH3 eta LH4 mailetako gaztetxoak Frontoi Txikian; eta, azkenik, LH 5 eta LH6 mailetako gazteak ludoteka aurrean. Behin elkartuta, bazkaria egingo dute, eta, ondoren, jolasak eta kalejira izango dituzte Marea Arroxak antolatuta.

Kalejira amaitzean, 17:30 aldera, gurasoekin elkartuko dira berriro ekintzetan parte hartu duten gaztetxoak, hasieran zehaztutako leku berean: plazako eskaileretan, Frontoi Txikian, Done Jakueko parkean edo ludotekan.

Parte hartzeko, uztailaren 16an eta 17an jarriko den mahaian eman beharko da izena, eta 5 euro ordaindu beharko dira. Izena emateaz gain, gaztetxoek Marea Arroxaren kamiseta berria erosi ahal izango dute; uztailaren 26an banatuko dituzte kamisetak. 

Herri bazkaria eta jolasak

Urtero bezala, herri bazkaria izango da uztailaren 30ean, 15:00etan, plazan, eta ekintza horretan parte hartzeko ere, ostegunean eta ostiralean jarriko dituzten mahaietan erosi beharko da txartela. Horrez gain, Haujijijai festa batzordeak aurrerago ere jarriko du berriz informazio puntua plazan herri bazkarian apuntatzeko. Bazkariko txartelek 10 euroko prezioa izango dute, zapiak 3 euro ordaindu beharko dira, eta kamisetak 5 euro. Kamisetak mahaian bertan banatuko dituzte. 

Bestalde, kuadrilla arteko jolasak izango dira aurtengo festetan ere. Abuztuaren 1ean egingo dituzte olinpiadak, 18:30ean, eta kokapena jakinaraziko dute aurrerago antolatzaileek. Horietan izena emateko, herriko tabernetan egongo da aukera, eta horrez gain, Haujijijai festa batzordeko sare sozialetara idatzita edo informazio puntura bertaratuta ere eman ahal izango da izena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide