San Inazio egunez Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzten pilota partidetarako sarrerak jarri dituzte saltzen. Udako txapelketatik kanpoko jaialdia izango da Azpeitikoa, baina binakako bi pilota partidaz gozatzeko aukera izango dute herriko pilotazaleek 21:15ean hasiko den ikuskizunean.
Eguneko lehen partidan, azpeitiarren arteko dema izango da aurreko koadroetan. Julen Egiguren Egiguren V.a eta Ruben Salaverri Salaverri II.a arituko dira batetik, eta Unai Alberdi Alberdi II.a eta Ekain Lizeaga bestetik. Bigarren partidan, berriz, punta-puntako pilotariak arituko dira lehian. Unai Lasok eta Martxel Iztuetak osatuko dute bikote bat, eta Javier Zabalak eta Jose Javier Zabaletak bestea.
25 eurotik aurrera eskuratu daitezke binakako bi partida horiek bertatik bertara ikusteko sarrerak. Hain justu, 25 euro balio dute palkoetako sarrerek, goiko solairukoek, eta 30 euro, kantxakoek. Entradas Fronton atarian eskuratu daitezke sarrerak aldez aurretik, baina egunean bertan ere aterako dituzte salmentara frontoiko leihatilan.