Beizamako nahiz Nuarbeko etxeak ur edangarriz hornitzeko urak tratatzeko azpiegitura berria nahiz ur biltegia eraikiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamentuak, Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin lankidetzan.
Aldundiak adierazi duenez, Urola Kostako oinarrizko ur hornidura azpiegiturak hainbat urte daramatza martxan, baina baditu hutsuneak ere. Alegia, oraindik eskualdeko zenbait udalerri lurpeko urez hornitzen dira, eta horien edateko uren tratamendua "oso oinarrizkoa" da; horien artean daude Beizamako udalerria eta Beizamako eta Azpeitiko parte den Nuarbe auzoa. "Europa mailan edateko uraren kalitateari dagokion araudiak aldatzen ari dira, eta kalitate parametroak gero eta estuagoak dira", azaldu dio Gukari Mikel Zubizarreta Gipuzkoako Urakeko arduradunak.
Beizamaren eta Nuarberen ur hornidurarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz, Sestra enpresak idatzi du proiektua, 1.928.449 euroko aurrekontuarekin, eta hamalau hilabeteko exekuzio epea du. Diputatuen Kontseiluak joan den ekainaren 2an onetsi zuen ur hornidurarako azpiegituren proiektu hori, eta erakundeak martxan jarri ditu obrei ekin aurreko izapideak.
Aldundiak egingo duen ur hornidurako obraren oinarrizko helburua kalitatezko ur edangarriz hornitzea izango da Beizamako herrigunea, Elizalde auzoa eta Nuarbe auzoa. Horretarako, Beizaman herrigunetik gertu dagoen Iturburuko ur biltegia egokituko eta pixka bat handituko dute, eta ondoan Edateko Ura Tratatzeko Estazio bat eraikiko dute, biltegi horretan bildutako ura tratatzeko. "Araztegi txiki bat bezalakoa izango da, iragazkiak dituen nukleo autonomo bat, eta azpiegitura horren helburua izango da edateko uraren kalitatea araudiak zehaztutako parametroetan bermatzea", zehaztu du Zubizarretak.
Iturburuko biltegitik Beizamako herrigunea nahiz Elizalde hornituko dituzte ur edangarriz. Gero, biltegi horretatik Nuarberako bidean ezker-eskuin etxe guztietara banatuko dute ura, Orbegozo etxera arte –garai batean, Orbegozo jatetxea zena–. Beizamatik Nuarbera ura eramateko, Illaun Bernizaketa lantegiaren ondoan ur biltegi bat eraikitzeko asmoa dute, eta hortik bideratuko dute ura Nuarbera; auzo horretan beste ur biltegi bat eraikitzea ere aurreikusi dute ur hornidurarako proiektuan. Beraz, bi ur biltegi berri eraikiko dituzte, baina behin azpiegitura guztia martxan jarritakoan, gaur egungo beste bi biltegi eraitsiko dituzte: Aitzaldekoa eta Nuarbekoa. "Instalazio berria martxan jartzen denean, bi biltegi horiek zerbitzuz kanpo geldituko dira", aldundiaren Jasangarritasun departamentuaren arabera.
Beizama eta Nuarbe hornitzeko hainbat iturburutatik jasoko dute ura, eta automatizatu egingo dute iturburu bakoitzeko trataera, ahalik eta kalitate oneneko ura banatzeko.
Urtegitik zergatik ez?
Ibai Eder urtegia Beizamako nahiz Azpeitiko lurretan dago, baina bertatik ez dituzte hornituko Beizama nahiz Nuarbe ur edangarriz. Zergatik hori? Honela azaldu du Zubizarretak: "Urtegian ur gordina dago; euria egiten duenean ur zikin-zikina eta euririk egiten ez duenean garbiagoa. Ur guztiak, ordea, gehiago ala gutxiago, tratatu egin behar izaten dira araudiaren parametroetara egokitzeko. Gainera, Beizamako herrigunea urtegia baino gorago dagoenez, aurrena behetik gora ponpatu beharko litzateke ura, eta gero, goitik behera eraman. Horrek ez dauka logikarik eta kostu handiagoa ere izango luke".
%80,5 beteta
Ibai Eder urtegia. Ibai Eder urtegiaren atzoko (uztailak 13, astelehena) betetze maila %80,5 zen. Azken bost urteotako betetze maila baxuena. Aurreko urteetan %86 inguru zegoen beteta; 2024. urtean, %92,8.
Horrez gain, urtegiko azpiegiturak "altakoak" dira, Zubizarretak zehaztu duenez. Hau da, urtegitik araztegi batera eraman behar izaten da ura hornidura saretik banatu aurretik. Ibai Eder urtegiaren kasuan, araztegia Azpeitiko Oñatzen dago kokatuta. Beraz, behin ura araztegian tratatutakoan banatzen dute Oriora, Getariara, Zarautzera, Azpeitira, Azkoitira... "Beste toki batzuetan, Urkuluko urtegian esaterako, presa eta araztegia elkarren ondoan daude, eta behin ura tratatutakoan banatzen da. Ibai Ederren, ordea, urtegiaren presa toki batean dago eta araztegia beste batean, eta ez du zentzurik ura tratatutakoan hainbeste kilometroan atzera itzultzea Beizamara edota Nuarbera eramateko".

