Itsasiko dantzarien emanaldiak itxiko du aurtengo Azpeitia Dantzan

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 14a

Itsasi taldekoak iazko Azpeitia Dantzanen. (Nerea Uranga)

Igandean 19:00etan hasiko da emanaldia, Soreasu antzokian. 14 urtetik gorako 50 bat dantzarik dantza tradizionalen emanaldia eskainiko dute orduan. Sarrera doakoa da, baina aurrez erreserbatu behar da.

Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruko laugarren eta azken hitzordua izango da igandean, 19:00etan, Soreasu antzokian. Itsasi dantza eskolakoen txanda izango da oraingoan, eta 14 urtetik gorako 50 bat dantzarik dantza tradizionalen emanaldia eskainiko dute, Ainara Vidalen gidaritzapean. "Lapurdiko dantzak izango dira protagonista, baina beste lekuetako dantza tradizionalak ere dantzatuko ditugu. Gainera, koreografia berri batzuk ere eskainiko ditugu", aurreratu du Vidalek. Halaber, musikari talde handia ere izango da emanaldian eta musika tresna ugari joko dituzte horiek, tartean, dultzaina, biolina, biolontxeloa, baxua eta txistua. Igandera begira azken prestaketa lanetan dabiltza dantzari zein musikariak. 

Azpeitia Dantzaneko Soreasuko aurreko saioak bezala, Itsasikoen emanaldia ere doakoa izango da. Sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuragarri daude, honako lotura honetan.

Luix Beltzaren dantza suelto eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen euskal dantzen emanaldiarekin hasi zen ekainaren 27an, aurtengo Azpeitia Dantzan. Uztailaren 5ean, berriz, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen areto dantzen emanaldia izan zen Soreasu antzokian. Bi emanaldietarako aretoa jendez bete zen. Joan den igandean, berriz, mende erdiaren ospakizunen barruko ikuskizun berezia eskaini zuten Sahatsa dantza taldekoek, Azpeitiko Alde Zaharra zeharkatuz. Igandeko Itsasikoen saioak itxiko du aurtengo Azpeitia Dantzan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide