50. urteurreneko ezpata dantzarien trilogia osatu du Sahatsak Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2026ko uztailaren 12a

Aurrez Urrestillan eta Azkoitian egindakoaren antzera, mende erdiaren ospakizunen barruko ikuskizun berezia eskaini zuen atzo taldeak, Alde Zaharra zeharkatuz, Azpeitia Dantzanen barruan.

Luix Beltza dantza eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen zein Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen emanaldien ondoren, aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoak hirugarren jardunaldia osatu zuen atzo. 2026an kalean programatutako ekitaldi bakarrean, Sahatsa dantza taldeak Alde Zaharrean barreiatu zituen bere dantzak eta ikuskizuna. 50. urteurrena ospatzen ari da Sahatsa, eta aurretik Urrestillan eta Azkoitian egin bezala, ezpata dantzarien ikuskizun berezia eskaini du aurten Azpeitia Dantzanen, duela hamar urte 40. urteurrenekoan egindakoaren antzera.

Urrestillan sortutako taldearen aro ezberdinetan kide izan diren belaunaldietako ordezkariak nahastuta, dantzari multzo jendetsua plazaratu du Sahatsak aurtengo emanaldi berezian, kalez kale, parrokia atarian zein plazan ikusleen ikusmina eta txaloak loratuz.

Basazabal jauregian hasi eta bukatu zuten ordubete inguruko jardunean, birritan zapaldu zuten plaza Sahatsako dantzariek. Lehendabizi, Azpeitiko bandera jaso zuten han, Leire Sarasua zinegotziaren eskutik. Bandera hori hartuta joan ziren plazatik parrokia atarira, Elizkalean barrena. Han ezpata dantza eskainita, Perez Arregitik Erdikalean gora igo ziren, Plaza Txikitik berriro plazara iristeko. Orduan egin zuten arratsaldeko dantza saio nagusia: ezpata dantza, bandera dantza, agurra, makil eta arku dantzak eskaini zituzten Sahatsakoek plazan elkartutakoen aurrean.

Dantzaldia bukatuta, toki berean jaso zuten Azpeitiko bandera itzuli zuten, plaza utzi eta emanaldia bukatzeko.

Datorren igandean, Itsasi

Gaur zortzi, uztailaren 19an, bukatuko da aurtengo Azpeitia Dantzan, eta Itsasi euskal kultur taldeko dantzariek eskainiko dute laugarren eta azken emanaldi hori.

Oinatzak ikuskizun berria taularatuko dute Itsasikoek datorren igandean, 19:00etan, Soreasu antzokian. Sarrera doan izango da, baina Kulturaz.eus-en hartu beharra dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide