Zinema mutua zuzeneko musikarekin, Udako Musika Printzak zikloari ekiteko

Mailo Oiarzabal 2026ko uztailaren 11

Dozenaka herritarrek gozatu zuten atzo iluntzean Javier Perez de Azpeitia pianistaren musikarekin eta zinema mutuaren klasikoekin Burdinbidearen Euskal Museoan. Datorren astean izango dira zikloaren beste bi emanaldiak.

2026ko Udako Musika Printzak abian da. Atzo iluntzean, Javier Perez de Azpeitia pianistak zuzenean musika jarri zien zinema mutuaren hiru klasikori Burdinbidearen Euskal Museoan: Charles Chaplinen Erromesa-ri, eta Segundo de Chomonen Ilargira txangoa eta Etxe sorgindua filmei. Azpeitiaren piano doinuak ez ezik, Errege Beldaren akordeoia entzuteko parada ere izan zuten ikus-entzuleek zenbait pasartetan Urolako trenaren Azpeitiko geltoki zenaren garai bateko kotxe tokian, han erakusgai dauden tren zaharren alboan.

Izan ere, aurten Urola trena ireki zuteneko mendeurrena bihurtu dute musika zikloaren ardatz. Horrela, lehen kontzertua bezala, azkena ere duela 100 urte martxan jarri zuten trenarekin estu lotuta egongo da: uztailaren 17an, Urolako trena, mende batez gure bidaide kontzertu-performance ibiltaria eskainiko dute Garazi Navas musikariak eta Maite Lopez las Heras idazleak, museotik Lasaora joan-etorria egingo duen trenean. Zikloko beste bi emanaldietan ez bezala, azken eguneko horretan parte hartzeko sarrera hartu behar da, Kulturaz.eus webgunean.

Baina Udako Musika Printzaken hurrengo hitzordua, bigarrena, uztailaren 16an izango da, osteguna, Olazko ermitan. Aitor Garitano tenorrak hainbat euskal musikagileren piezak kantatuko ditu han, Ignacio Arakistainek pianoarekin lagunduta.

Atzoko estreinakoa bezala, bi emanaldi horiek ere 21:00etan hasiko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide