Buruan pentsamendu nagusi bat dudala hasi naiz lerro hauek idazten: "Nola ez gara bada herri festazalea izango?". Santioak eta saninazioak datoz orain, eta aurten, herritarrek hala erabakita, festa batzordeetako ordezkariek botako dute txupinazoa.
Udaletxeko balkoian elkartuko gara Elizkalekoak, Nuarbekoak, Sanjuandegikoak, Urrestillakoak, Elosiagakoak, Bustinzuriko Errebalekoak, Aratzerrekakoak, Landetakoak, Loiolakoak, Matxinbentakoak, Lasaokoak... Horiekin batera, Haujijijai batzordekoak ere bai.
Balkoian egongo ez diren arren, gehitu horiei saninazioetan esku bat botatzen diguten beste hainbat eta hainbat herriko eragile, kirol eta kultur elkarte eta norbanako. Esan dudana: festak antolatzeko prest hainbeste jende egoteko zortea izanda, nola ez gara bada herri festazalea izango? Bihotz-bihotzez, eskerrik asko guztioi.
Jokabide desegokirik ez dugula onartuko eta festetako lelotzat dugun Danona da festie, danona da ardurie mezua gogorarazita, saninazioak ondo pasatzeko opatzea besterik ez zait geratzen. Adin eta gustu guztietara egokitutako egitaraua prestatzen saiatu gara. Ea gustuko duzuen. Gora saninazioak eta gora Azpeitia!