Gaztetxeen aldeko aldarriarekin ospatuko du Azpeitikoak 21. urteurrena

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 9a

Iaz, Azpeitiko Gaztetxearen XX. urtemugan, baltsa jaitsiera. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Gaztetxea aurten ere borrokan lelo hartuta antolatu dituzte 21. urtemugako ospakizunak. Ohikoak diren futbito txapelketako finalez eta bbaltsa jaitsieraz gainera, ekintza berriak ere antolatu dituzte Gaztetxekoek; batetik, ostegunetik hasiko dituzte ekintzak pala eta ludus txapelketekin, eta zapatu arratsaldean, kalean, sangria eta jolasak egingo dituzte. Gaztetxeak "gazteek nahiz ez hain gazteek beren ideiak, borrokak eta interesak aurrera eraman ahal izateko" espazioak direla aldarrikatuko dute.

Azpeitiko Gaztetxeak 21. urteurrena ospatuko du uztailaren 16tik 18ra bitartean, Azpeitiko Gaztetxea aurten ere borrokan lelo hartuta, eta gaztetxeen aldeko aldarria eginez. "21 urte betetzen ditu Azpeitiko Gaztetxeak aurten. Bere momentu on, txar, alai, triste eta abarrekin espazioa irekita eta bizirik mantendu da, gazteei eta ez hain gazteei aterpe bat eskainiz beren ideia, borroka eta interesak aurrera eraman ahal izateko", azaldu dute Gaztetxeko kideek. Azpeitikoak 21 urte zabalik bete arren, Euskal Herriko beste gaztetxe askok "patu  berdina" ez dutela izan gogoratu dute: "Proiektu politikoak eta sozialak gauzatzeko herrian zituzten espazioak kendu dizkiete Eibarren, Errekalden, Galdakaon edota Errotxapean, beste batzuen artean. Horiei guztiei gure elkartasuna adierazi nahi diegu".

Dena den, gaztetxeen bueltan "denak ez dira albiste txarrak", Azpeitiko Gaztetxekoen arabera: "Euskal Herrian gaztetxeen loraldi batean sartuta gaude, gaztetxe gehiago irekitzen ari dira, eta horren adibideetako bat da Azkoitikoa. Honek argi erakusten du gazteen artean aldaketarako grina dagoela, instituzioetatik kanpo antolatu beharraren hautua egiten dela eta espazioen okupazioak antolakuntzarako beharrezko tresnak eskuratzeko direla". Azpeitiko Gaztetxeak "borroka horrekin guztiarekin bat" egiten duela berretsi dute.

Aurtengo urtemuga, iazkoa gogora ekarri gabe ezin dela ulertu esan dute Gaztetxekoek. 20. urtemugan "muntau mediatikoa, poliziaren presentzia eta hainbat gazte ikertuta" izan zirela salatu dute, baita orduan instituzioek zein poliziak izandako jarrera gaitzetsi ere. Iazko Gaztetxearen urteurrenari lotuta ikertuak izaten ari diren gazteei elkartasuna helarazi diete Gaztetxeko kideek, eta "haien kontrako prozesua bertan behera uzteko" eskatu dute. "Gazte mugimendua jasaten ari den kriminalizazioa salatu nahi dugu, eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu errepresioari aurre egiteko antolatutako gazte guztiei".

Azpeitiko Gaztetxearen 21. urtemuga ospatzeko egitarauan urterokoak diren ekintzak antolatu dituzte, baina ekintza berriak ere gehitu dituzte. "Asteburura mugatu gabe, urtemugako ekintzekin ostegunetik hasteko apustua egin dugu aurten. Batetik, ostegunerako kirol txapelketak eta afaria antolatuta", azaldu dute. Hala, hilaren 16rako, ostegunerako pala eta ludus txapelketak antolatu dituzte, "kirol horietan lagunartean" aritzeko aukera eskaintzeko. Frontoi Txikian jokatuko dituzte txapelketa horiek, 17:00etan hasita. Parte hartzeko izena aldez aurretik Haginpe tabernan jarritako zerrendan eman daiteke edota ostegunean bertan, 16:00etan, Frontoi Txikin. Bestetik, zapatu arratsaldean, gazteek kalean beren presentzia izateko,  jolasak eta sangria izango dituzte, eta arratsaldea girotzen DJ batek jardungo du.

Berrikuntzak bai, baina Gaztetxearen urtemuga ospakizunetan ohikoak diren hainbat ekintza ere antolatu dituzte aurtengorako, hala nola futbito txapelketako finalak eta baltsa jaitsiera. Baltsa jaitsierarako aurten proposatu duten gaia honakoa izan da: "Gaztetxea ...rena izan ez bazen, zer?". Baltsak prestatzeko datorren astelehenean eta asteartean Gaztetxea irekita izango da, 16:00etatik aurrera. Bertan materiala egongo dela adierazi dute, baina norberak bere materiala emateko eskaera egin dute.

Gaztetxearen 21. urtemugako egitaraua:

Uztailak 16, osteguna
  • 10:00. Auzolana, Gaztetxean.
  • 17:00. Pala eta ludus txapelketak, Frontoi Txikian. Izen ematea Haginpen, edota egunean bertan 16:00etan, Frontoi Txikian.
Uztailak 17, ostirala
  • 20:00. Futbitoko kopako eta ligako finalak eta parrillada, plazan.
Uztailak 18, larunbata
  • 11:00. Baltsa erakustaldia eta hamaiketakoa, plazan.
  • 12:00. Baltsa jaitsieren hasiera.
  • 14:30. Bazkaria, Gaztetxean.
  • Ondoren, sari banaketa.
  • 17:30. Sangria, DJ emanaldia eta jolasak, plazan.
  • 20:00. Gaztetxearen irekiera.
  • 20:30. Kontzertuak: Lepue Zapaldu eta Piztia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide