Sahatsaren 50. urtemugako ezpata dantza trilogiaren hirugarren atala egingo dute larunbatean, hilaren 11n, 19:20an, Basazabal jauregitik irtenda. Azpeitia Dantzan egitasmoaren hirugarren hitzordua izango da larunbatekoa, eta Sahatsa dantza taldeko 55 ezpata dantzarik eta dozena bat txistularik parte hartuko dute ezpata dantzarien desfilean eta Gipuzkoako dantzen emanaldian. Gaur egun Sahatsa dantza taldean dabiltzan dantzariek eta garai batean ibilitakoek parte hartuko dute larunbateko saioan; Sahatsaren 50 urteurreneko ezpata dantzaren aurreneko atala Urrestillan egin zuten ekainaren eta bigarren atala Azkoitian San Joan bezperan, ekianaren 24an.
Sahatsaren emanaldia Azpeitiko Alde Zaharrean egingo dute, 19:20an Basazabal jauregitik irten eta herriko plazara joango dira ezpata dantzariak eta txistulariak, udaletxetik herriko bandera jasotzera. Behin herriko bandera hartuta, Elizkaletik Soreasuko Sebastian Donearen parrokia aurrera joango dira, han ezpata dantza eta bandera dantza egiteko. Segidan, Erdikaletik gora herriko plazara joango dira, 20:00 aldera. Plazan berriro dantzatuko dituzte ezpata dantza eta bandera dantza, eta Gipuzkoako bost dantzaren emanaldia ere eskainiko dute. Saioaren bukaeran, herriko bandera udaletxera itzuliko dira eta dantzariak Basazabal jauregira erretiratuko dira.
Luix Beltzaren dantza suelto eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen euskal dantzen emanaldiarekin hasi zen joan den ekainaren 27an, aurtengo Azpeitia Dantzan. Joan den igandean, uztailaren 5ean, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen areto dantzen emanaldia izan zen Soreasu antzokian. Bi emanaldietarako aretoa jendez bete zen. Larunbatean, Sahatsako 50. urtemugako ezpata dantzarien emanaldia izango da Alde Zaharrean. Hilaren 19an, berriz, Itsasikoek saioa eskainiko dute, 19:00etan, Soreasu antzokian. Itsasikoen saiorako sarrera doan da, eta aldez aurretik eskuratu daiteke Kulturaz.eus webgunean.