Azken boladan Azpeitiko kanpoko igerilekuan bizitzen ari garen egoera azaldu nahi nuke.
Orain dela bi aste eta herenegun izan zen beroarekin, 2 urteko umearekin igerilekura freskatzeko asmoarekin joan, eta ateak itxita. Orain dela bi aste, egunero ordu eta erdi egin nuen kanpoko igerilekuko ilaran sartu ahal izateko; herenegun, berriz, 40 minutu. Zorionekoa, ni!
Behin baino gehiagotan azalpenak eskatu ditut, eta "aforo" hitza erabiltzen dute: jende gehiegi dagoela uretan eta ezin dela sartu. Horren aurrean, aforoaren erregistroa eskatu dut eta ez dut erantzunik jaso; beraz, nola kontrolatzen dute aforoa? Sorosleak uretan jende kopuru bat ikusten badu, ateak ixteko eskatzen du, zenbatu gabe, begiz. Horrez gain, hogei minututik behin hamabost pertsonari uzten diete sartzen. Zer zentzurekin? Inork ez daki.
Orain dela bi aste, hirugarren egunean, ordu eta erdi ilaran pasatu ondoren, aurrean ama bat neukan hiru umerekin, eta muturren aurrean itxi ziguten pertsiana. Arduradunarekin hitz egin nahi nuela esan nion harreran zegoen pertsonari, eta handik bi minutura, berriro pertsiana igo eta honela esan zidan: arduraduna ez zela etorriko, eta niri sartzen uzteko esan ziola. Kexatzen bazara, barrura? Nola da posible? Ez nintzen sartu, noski; aurretik hiru ume txiki zain zeudela ikusita, ez nintzela sartuko esan nion, aurreko familiarekiko errespetuagatik.
Ilaran, hogei minutu pasatu eta hamabost lagun barrura; jendea, ume txikiekin ezin egon eta iheska. Bitartean, ilaran zegoen jendea, etxera joan, zapatilak jantzi eta, gimnasiora joango balitz bezala, aldageletatik kanpoko igerilekura.
Anekdota asko sortu dira ilaretan. Gainera, nik dakidanez –agian oker nago–, igerilekuko espazio guztiek aforo bana dute: belardiak bere aforoa dauka, eta dagoen putzu bakoitzak, berea. Bazkide izanda, liburu bat irakurtzera belardira joan nahi izanez gero, edo besterik gabe eguzkitan lasai egotera, ezin da joan, uretan jende asko dagoelako. Atzo bertan, nire atzetik bi emakume zeuden ilaran; ez zuten uretan ibili behar, beraiek esan zidaten bezala: "Eguzkitan jarri eta txatxareo pixka bat bakarrik egiten dugu". Sarrerako neskaren erantzuna honako hau izan zen: "Baina nik ez dakit gero bainatuko zaren". Puntu honetara iritsita, zalantzan jartzen dut ea legalki hori egin daitekeen. Nik, bazkide izanda, ezin dut belardira joan erdi hutsik dagoenean? Zertarako handitu dute zelaia, ateek itxita egon behar badute?
Nire buruari galdera asko egin dizkiot ilaran egon naizen denbora guztian: "Nola da posible sorosleek ateak ixteko boterea izatea? Zertarako handitu da zelaia, uretan jende kantitate bera sartzen bada? Nola daki sorosleak zenbat pertsona dauden une bakoitzean uretan? Ez al da hobe aldageletatik kanpoko igerilekuetara doazen ateak ixtea? Ez al dago arduradunik kanpora atera eta gutxieneko azalpen bat emango duenik? Nor da arduraduna?".
Badakit ez dela irtenbide erraza duen arazoa, baina zerbait aldatu beharra dago: baliabideak handitu, kontrol gehiago izan...