Iker Azkunek (Oñatz, Azpeitia, 1976) BTTko Pedals de Foc Non Stop lasterketa irabazi zuen, Grand Master 50 kategorian, ekainaren 27an Vielhan (Lleida, Katalunia); Europako ultramaratoi gogorrenetakoa dena 11 ordu, 35 minutu eta 12 segundoko denboran bukatu zuen. Azkunek zazpi aldiz osatuta du 200 kilometro baino gehiago dituen mendi bizikletako proba gogorra. 2023ko edizioan ere podiuma egin zuen oñaztarrak, eta 2021ean ere bai, hirugarren amaitu baitzuen lehia 40B mailan.
Pedals de Foc Non Stop lasterketa irabazi duzu Grand Master 50 kategorian, sailkapen orokorrean hamazazpigarren eginda. Gustura?
Bai, oso gustura. Master 40 mailan ere podiuma egin nuen aurreko aldi batean, eta maila horretan podiuma egitea oso zaila da; izan ere, lasterketaren irabazle ia gehienak 40-45 urte ingurukoak izan ohi dira. Dena den, gazteak ere badatoz, ikusten da gazteagoak ere proba luzeetarako prestatzen ari direla.
211 kilometro eta 6.148 metroko malda positiboa ditu probaren ibilbideak. 11 ordu eta erdi pasatxo pedalei eragiten. Erraz esaten da.
Momentu txarrak eta onak, denetik pasatu behar izaten dira lasterketan zehar, ez delako lau orduko maratoi bat egitea bezala. Hasiera-hasieratik, proba bukatu egin behar dela eduki behar da buruan. Triador mendiaren igoera [2.100 metroko altuera du] oso-oso gogorra dela esan ohi da, baina Triador igotzen den momentuan gorputza artean ondo dago. Nire kasuan, Montgarritik Beretera bitartean, lasterketaren 185-186. kilometrotik 200. kilometrora bitartean, hasten dira arazoak, ibilbide zati hori luze-luzea egiten zait; gainera, indarrak gorde behar dira, azkenengo hogei kilometroak beherantz direlako, eta beherakorako ere indarra behar izaten delako. Igoerak nahiz jaitsierak hartu behar dira kontuan.
Mila metrotik gorako altueran jokatzen den lasterketa ere bada.
Vielhan hasten da lasterketa, mila metroko altueran, eta ibilbideko gailurrak 2.000 metro inguruko altueran daude, 2.500 metro ingurura arte igotzen gara. Igotzen ditugun maldak dezentekoak dira, igoerak gogorrak dira, baina baita jaitsierak ere. Horrez gain, altuera horretan baldintzak ere ez dira beti berdinak. Orain dela bi urte erretiratu egin nintzen. Urte hartan, ikaragarrizko ekaitzak harrapatu ninduen Triador gainean, dena busti eta hoztu nintzen, eta handik behera jaitsitakoan, 150. kilometroan edo, karrera utzi egin nuen. Egun hartan, igoal, ni baino ordu erdi atzerago zihoazenak ez zituen harrapatu ekaitzak, baina garaiera horietan eguraldia aldakorra izan daiteke. Bestalde, ibilbidea batere markatu gabe egoten da eta dena GPSarekin egin behar izaten dugu. Esperientziak erakutsi dit bakar-bakarrik joatea ez dela onena; horregatik, makalago joan behar badut ere, beti jendearekin joaten naiz. Entrenatzea ere ez zait gustatzen bakarrik.
11 ordu eta erdi gelditu gabe?
Bai, eta ni ez gelditzeko, familiakoak joaten dira laguntzera. Ibilbidean, etengabe ttak-ttak jaten joateko ohitura daukat, ipurgainean hartuta eramaten dut jatekoa, eta pixkanaka janez joaten naiz. Edatekoa ere beldurgarri behar izaten da, azken proban zortzi-hamar litro edango nituen; beroa ere halakoxea egiten zuen, 33-34 gradu ere ikusi genituen. Familiakoak non egoten diren jakiten dut, eta haiek behar dudana prest edukitzen dute ni iristen naizenerako. Hori alde ikaragarria da! Ibilbideko gune batzuetan kanpotik ezin da anoa eskaini, baina beste batzuetan, bai.
Nola prestatzen zara luzera eta gogortasun horretako lasterketa baterako?
Bizikletan ibiliz eta ibiliz. Egutegi tankerako bat eginda izaten dut, zer lasterketa edota proba egin nahi ditudan zehaztuta eta planifikatuta; tartean, badira zazpi orduko probak edota zortzikoak. Hala ere, urtean behin bakarrik igarotzen ditut 11 ordu eta erdi baino gehiago bizikleta gainetik jaitsi gabe. Metaketa saioak egiten ditugu, hiru egun segidan entrenatuta; esaterako, ostiralean, larunbatean eta igandean.
Urtean zenbat kilometro egiten dituzu mendi bizikleta gainean?
Kilometroak, ez dakit. Izan ere, kilometroei baino gehiago, egindako malda positiboari erreparatzen diogu, baina lauan ibiltzea ere ona da entrenatzeko. Malda positiboan 400.000 metro egiten ditugu urtean; horrek esan nahi du egunean mila metro baino gehiago egiten ditudala: egunero Xoxotera igotzea baino gehiago. Beraz, ordu batzuk egin behar bizikleta gainean... Asko, ordu asko. Urteko batez bestekoa egunero bi ordu inguru pasakoa da.
Taldean ibiltzen al zara entrenatzen?
Bai, lagun talde bat ibiltzen gara bizikletan, gehienak azkoitiarrak. Ordu ederrak pasatzen ditugu elkarrekin.
Vielhakoaz gainera, urtean zehar beste zein lasterketa egiten dituzu?
El Soplau, Kantabrian [Espainia], baina Euskal Herrian ere badaude ederrak: Eusko Bike Kanpezun [Araba], Tierra Estella Aiegin [Nafarroa]… Batzuk lasterketak dira, eta beste batzuk, martxak. Tamalez, martxak galtzen ari dira; esaterako, Kanpezun BTT martxa iaz egin zuten azkenekoz, eta pena da, oso-oso martxa polita zelako. Gaur egun, jendeak gehiago jotzen du lehiara.
Noiz hasi zinen mendiko bizikletan ibiltzen?
Ni palan ibiltzen nintzen, Zestoako taldearekin astean bi entrenamendu egiten nituen. Ikaragarri gustura ibiltzen nintzen, baina meniskoak izorratu zitzaizkidan, eta ebakuntza egin zidaten. Ondoren, medikuak esan zidan frontoian jarraitzen banuen alferrik izango zela egindako ebakuntza, igerian edota bizikletan ibiltzea gomendau zidan. Bi urte igeriketa eginez pasatu nituen, baina kokoteraino egin nintzen, igerilekuan kaleak beteta aurkitzen nituelako. Orduan erosi nuen bizikleta, eta gaur arte: hau zen nirea! 35 bat urterekin hasi nintzen mendi bizikletan.
Azpeitia inguruan non entrenatzen duzu?
Lehen, oso Erlozalea nintzen. Orain, ordea, inguruko toki ederrenetakoa Azkoiti aldetik Irukurutzeta alderakoa dela esango nuke. Oso polita da inguru hori, baita Oletatik Samiño alderakoa ere. Urtero egiten dugu bizikletan bailarako ehun bat kilometroko buelta: Izarraiztik hasita, Domusa Teknik 40 MLK-ko ibilbidea egiten dugu, baina alderantziz. Eguraldi lehorra komeni izaten da itzuli hori egiteko, Mandubia ingurua umela delako. Aurten, buelta hori zortzi bat ordutan egin nuen, bakar-bakarrik, Pedals de Foc egin baino bederatzi bat egun lehenago.
Beste lasterketaren bat egingo al duzu aurten?
Urrian Tierra Estella egin nahi dut, oso polita da. Opor aurretik hobeto egoten naiz bizikletarako, opor ostean baino. Opor ondorenean, perretxikorik dagoen begira ibiltzen naiz gehiago.