Ezagutzen nauenak badaki azken asteotan oso asaldatuta naukatela herriko danborradaren barruan, modu erabat traketsean eta ez oso adostuan, egin diren zenbait mugimenduk. Ezagutzen ez nauenak ere irakurriko zizkidan duela zenbait aste komunikabide honetantxe idatzi nituenak. Orduan, oraindik posibilitateen erreinuan kokatzen genuen zenbaitek proposatua. San Inazio bezperarako justuki hilabetea falta zela, ekainaren 30ean, hartu ziren orain artean ezagutu dugun danborrada hankaz gora jarriko duten erabakiak. Bai kontsentsu handirik gabe hartu ere. Azpeitiko Udalak, parte hartzea eta denon artekotasuna sustatu ei duenak, hurrengo egunean kaleraturako prentsa oharrak ezkutatua zuen prozesu demokratiko orok berea duen emaitzen argitaratze eta azalpena. Prozesuak, oro har, izaniko itzaletako enegarrena, hain zuzen ere.
Bertaratutako 30 danbor taldetatik –sei talde izan baitziren egun horretan bertaratu ez zirenak– 17k eman zioten botoa danborradako batzordeak –modu alde bakarreko eta ez konpartituan– ondutako proposamenari eta beste 13k Julian Barrenetxea Abesbatza taldeak proposatutakoari, zeina ez zuen talde honek soilik defendatzen ziurrenik. Proposamenak burutzeko emandako tarte eskasean (hamahiru egun, ezta bi asterik ere), beraiek izan ziren proposamena ontzeko eta bidaltzeko gaitasuna edota gogoa izan zuten bakarrak, ugari izan baitira prozesua zenbaitek jada ongi prestatua zekartela ikusita, talde bilerarik planteatu ere egin ez dutenak. Egia da, eta prozesu azkar eta erreflexio egiazkorik gabeko honen joanak erakutsi du hori ere: ugari direla danborradarekin zer egiten den inporta ez zaienak. Danbor bati loturiko juerga sustatzea da xedea, non kokatzen garen ala tradizioari muzin egiten diogun axola gabe. Horrek ere arduratu beharko gintuzke. Kalkuluak kalkulu, falta ziren sei taldeen iritzia jakin gabe, danborradan parte hartzen dutenen %43k ez zuen aldaketaren alde egin, beraz. Datuok ez dira agertu inongo prentsa ohar zein albistetan. Demokratikoa deritzot, ordea, herriak jakin dezan 2027ko helduen danborradako modelo berria ia danbor taldeen erdiak ez duela babestu. Erdibaturik ekingo diogula oraindik bere funtzionamendua frogatzeke duen modelo berriari. Zatituta ez ditugu soilik gauerdiko kanpaiak entzungo.
Azken 70 urtean danborradak biziko duen aldaketarik nabarmenenak, merezi zuen beste mota bateko eztabaida eta ondorengo adostasun bat. Zergatik ez da berau bilatu? Parte hartzea bultzatu nahi bazen, denboren beste aukeraketa bat eta herriari ahotsa emateko –ugaritan hala egin ohi dela esan arren, oraingoan ez baita hori gertatu– beste estrategia batzuk esploratu izango liratekeen. Uda aurreko azken asteak, zeinak ugarirentzat jada lehen oporraldi sasoi izan ohi diren, probestu nahi izan dira agenda publikoak beste hainbat gai mahaigaineratzen zituen bitartean, herritarren gehiengoa enteratu gabe, aldaketa sendo hauek planteatzeko.
Nioen aurretiaz argitaratutako testuan, danborradaren jabea ez dela bertan parte hartzen duen jendarte gero eta handiagoa. Danborradak herriarena behar luke. Bertan parte hartzen dutenena, noski, baina baita ere nahi eta parte hartu ezin dutenena. Parte hartu izan eta orain beste aldean egotea nahi duenarena, edota festak ilusio berezirik pizten ez dionarena ere. Hain berea du hark danborrada, nik biziki gogokoak ez ditudan beste zenbait ekitaldi nireak ditudan bezala. Azpeitia denon artean ari bagara eraikitzen –bi otso eta pertz oinaztarrak ere bidali genituen airea hartzera, komunitatea sendotzearen izenean–, zergaitik ez atera kontu hau herrira, beste hainbatekin (plazaren eraberritzea, esaterako) egin zen gisan?
Kontsentsu ez horrek baldintzatu egingo du sei hilabete barru ospatuko den helduen danborrada, ezbairik gabe. Antolakuntza lanak txukun eta tentuz egin ezean, kostako da desados agertu den %43 hori modelo berrira gustura egokitu dadin lortzea. Probako edizioa behar luke datorrenak; paperak dena aguantatzen duela jakitun, uneko bakoitzaren sentsazioek gidatuko baitute ondorengo balorazio ukaezina. Baloratu egin beharko da orain proposatua eta eztabaidatu, orain artean egin ez den bezala. Nioen kantitatean adina kalitatean hazi beharko lukeela gure festak. Desfilearen dimentsioa handitzeak, antolakuntza lanaren konplexutasuna areagotzea dakar. Plazatik danbor talde batzuk aldentzeak, ikuslegoaren zatikatzea. Banderadun gisa urte horretan atera eta udaletxeko balkoira igotzen ez denaren kexa. Gastadorerik gabeko danborrada, parrokiara bidean. Ikus-entzunezkoen alor teknikoan arazo posibleak.
Zenbaitek ideatutako eta gehiengo ahul eta baldintzatuak erabakitako danborrada berriak ez du merezi lukeen adostasunarekin hasten bidea. Parte hartzea handitzeak, erabaki guneak zabaltzea ekarri beharko luke. Oraingoak erakutsi digu, beste behin, (ia) denon Azpeitian bizi garela.