Gaur hasi dira Iruñean San Fermin jaiak, eta bihar izango da lehen entzierroa. Azpeitian, baina, aurten ez dute egingo jai horien bueltan udalekuetako umeek Alde Zaharrean barrena egin ohi zuten San Fermin Txiki festa. Hori horrela izanik, sokamutil beterano batzuek gurpildun zezentxoekin entzierroak antolatu dituzte datozen hiru egunetarako.
Bihar, San Fermin egunez, egingo dute lehen entzierroa, 19:00etan, Perez Arregi plazatxotik –Etxe Zuri tabernaren paretik– hasita. Erdikalea igota, plazan ibiliko dira gurpildun zezenak 20:00etara bitartean. Gainera, etzi eta etzidamu ere izango dira hitzorduak leku eta ordu berean.
Egitasmoaren antolatzaileek ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta horiei zuri-gorriz janzteko deia egin diete. Halaber, herritarrei ekitaldia "babesteko" eskaera egin diete, baita gaztetxoei gurpildun zezenak gidatzeko deia egin ere.