Aurrera doaz Euskal Herria auzoan berdegunea egiteko lanak

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 6a

Euskal Herria auzotik bidegorrirako bide zatia itxita dago, lanengatik. (Nerea Uranga)

Lanen ondorioz, Euskal Herria auzotik Azpeitia eta Loiola lotzen dituen bidegorrira jaisteko oinezkoentzako bide zatia itxita dago. Berdegune berria egiteaz gainera, bidegorrirako bide zati hori ere irisgarriagoa egingo dute. Aurreikuspenen arabera, lanak irailerako amaituko dituzte. 

Euskal Herria auzoan berdegune bat sortzeko egiten ari diren lanak bide onetik doaz. Joan den maiatzean ekin zion Azpeitiko Udalak Izarraizpe haur eskolaren ondoan dagoen eremua eraldatzeari, eta "naturak presentzia handiagoa" izango duen gune berria eraikitzen ari dira auzo horretako 49 eta 13 zenbakidun etxeen arteko gunean. Lanen ondorioz, Euskal Herria auzotik Azpeitia eta Loiola lotzen dituen bidegorrira jaisteko oinezkoentzako bide zatia itxita dago.

Hain zuzen, lanen helburuetako bat da auzotik bidegorrira jaisteko dagoen bide zati hori irisgarriagoa egitea, oinezkoentzat nahiz bizikletentzat erosoago eta seguruago izan dadin. Orotara, 2.000 metro koadro ditu eraberritzen ari diren eremuak; berdeguneak hartuko du leku gehiena, baina eserleku batzuk ere jarriko dituzte. Bestalde, Izarraizpe haur eskolakoek ere berdegune handiagoa izango dute, eta umeek kanpora jolasera ateratzeko aukera ere bai. Udalaren arabera, lanak irailerako amaitzea aurreikusten dute. 

Euskal Herria auzoan berdegunea egiteko lanak. (Nerea Uranga)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide