Txapelak pilatu eta pilatu jarraitzen dute Jone Arriaran eta German Aranburu dantzariek. Uztailean lau egun bakarrik igaro badira ere, dantzari bikote horrek bina txapel eskuratu ditu hil honetan; bi egunez bateko martxa hartu dute azpeitiarrek. Asteazkenean, Irunen, Bidasoako Fandango eta Arin-Arin Txapelketako irabazle izendatu zituzten, eta gaur, zapatua, Zumarragako (Gipuzkoa) Santa Isabel jaietako dantza libreko txapelketa irabazi dute.
Eguerdian jokatu dute txapelketa, Zumarragako Zelai Ariztiko pilotalekuan. Guztira, zazpi bikotek parte hartu dute lehian, eta azpeitiarrak izan dira onenak; epaimahaiak Azpeitiko bikotea izendatu du txapeldun. Arriaranen eta Aranbururen atzetik, Lezoko (Gipuzkoa) Ane Jaunarena eta Endika Osa sailkatu dira bigarren, eta Nora Aizpuru eta Iker Zabala azpeitiarrak hirugarren.